Leitzako Konpartsako kideak eta gaiteroak izan ziren goizean kalez kale festarako deia zabaldu zutenak. Eguerdi partean, udaletxeko karrapea kolorez jantzi zen, jatorri eta adin desberdinetako herritarren topagune bihurtuta.
Leitzan bizi diren jatorri desberdinetako bizilagunen kultura, ohiturak.. ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek baita jakiak dastatu eta horiek nola prestatzen diren ikastekoa ere. Leitzako aniztasunaren erakusle izan zen karrapea: Pakistan, Ekuador, Maroko, Honduras, Nikaragua, Argelia, Mali, Euskal Herria eta Venezuelako sukaldariak gogotsu, harro, eta jai giroan aritu ziren beren platerak aukezten. Musikarik ere ez zen falta izan eta AnderGround DJarem eskutik herrialde desberdinetako musikaz gozatzeko aukera izan zen. Hitzordua baliatuta, Nafarroa Koloretan 2025 egutegiak ere banatu zituzten eta 14:00etan antolaketa lanetan ibilitakoek atera zuten argazkiarekin bukatu zuten festa.
Leitza Koloretan ekimena LAGA Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu zuen, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta eta Leitzako Udalak, Aresoko Udalak eta Mendialdea Mankomunitateak hainbat material jarrita lagundu dute.