Aresoko udal taxi zerbitzua urtarrilaren 3tik aurrera izanen dute erabilgarri

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 30a, 11:00

Arantxa Iparragirre eta Dabid Barriola taxistek eskainiko dute zerbitzua.

Aresotik Leitzarako bidaia euro baten truke egiteko aukera izanen dute herritarrek.

Garraio zerbitzua eta herrien arteko komunikazioa hobetu behar zela ikusita, bitartekoak eskaintzea adostu zuen Aresoko Udalak Zaintzen aldeko itunean. Hitzetatik ekintzetara pasa eta astean behin taxi zerbitzu berezia eskaintzen hasiko dira heldu den urtetik aurrera. Euro baten truke, Leitza eta Areso arteko bidaia egiteko aukera izanen dute erabiltzaileek. Urtarrilaren 3an jarriko dute martxan zerbitzua eta momentuz astean behin eskainiko dute, ostiraletan. Leitzako azokak interesa sortzen duelako erabaki dute zerbitzua egun horretan ematea. Herritarren artean dagoen interesa neurtu nahi dute. Zerbitzua astean behin emanda eginen dute proba eta gehiagorako beharra dagoela ikusiko balitz, eskaintza zabaltzeko aukera ere badagoela adierazi du udalak.  

Taxi zerbitzua erabili nahi duenak ez du aldez aurretik izena eman beharrik izango. Ostiralean, 09:30ean plaza zaharrera joatearekin aski izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun