Urtezahar egunean lasterka egiteko proposamena egin dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 27a, 10:00

Mozorro xelebreena daramanak saria izanen du aurten ere.

San Silvestre lasterketa antolatu dute abenduaren 31ko arratsaldean eta iaz bezalaxe, adina kontuan hartu gabe, norberak aukeratuko du lasterka egin nahi duen distantzia. Iaz eman zuten aukera hori lehenengoz eta inoizko parte hartzaile kopururik handiena bildu zen, 240 lagun inguru. 

Parte hartzaileek sei distantzia izanen dituzte aukeran: 300 metro, 600 metro, kilometro bat, bi kilometro, hiru kilometro edo lau kilometro. Gainera, mozorroturik joateko eskaera egin dute antolatzaileek eta mozorrorik xelebreena daramanak saria izanen duela iragarri dute.

Lasterketa 300 metro egin behar dituztenak 16:30ean aterako dira plazatik. 600 metro egin behar dituztenak 16:45ean eta gainerakoak 17:00etan. 

Lasterketan izena eman nahi duenak, abenduaren 30era arte izanen du aukera Leitzako kiroldegian edo 623 36 65 82 telefonora deituta. Datuak eman eta hiru euro ordaindu beharko ditu. Egunean bertan izena emateko aukera ere izanen da, 15:00etatik 15:45era, herriko plazan, bost euro ordainduta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun