Kattalin Lizarraga Mendia

«Plazarako saltoa ematea asko kosta zitzaidan»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 28a, 09:00

Kattalin Lizarraga Mendia

Umetatik du bertsotarako afizioa Kattalin Lizarraga Mendia leitzarrak eta Ttipi-Ttapak egindako hamaika galderak erantzuterakoan agerian geratu da hori. 

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Leitzako hamabost urteko neska bat naiz.

Zein afizio dituzu?

Bertsoa da nire afizio handiena, baina herriko futbol taldean ere aritzen naiz eta musika entzutea ere oso gustuko dut.

Noiztik ari zara bertsotan?

Duela bost bat urte hasi nintzen Leitzako bertso eskolan, baina txikitatik dut afizioa. Igandero nire osabaren baserrian bazkaltzen nuen eta bazkalostean Hitzetik Hortzera jartzeko ohitura zuen berak, hor hasi nintzen zaletzen.

Bertsotan mikrofono aurrean edo paper zuriaren gainean, non aritzen zara gusturago?

Mikroa nahiago izaten dut arkatza baino, plazan jendearen aurpegia eta erreakzioak ikus ditzakezulako eta haiekin jolastu.

Plazarako saltoa ematea kosta zitzaizun?

Bai, asko kosta zitzaidan. Akatsak egiteari beldur handia diot eta prestatuta nengoela ikusi arte ez nintzen oholtzara igotzera ausartu.

Bertsotarako gustuko plaza bat?

Ez dut plaza askotan abestu, baina Bardoak taldekako txapelketa izan da orain arte gehien disfrutatu dudana. Oso plaza goxoa eta informala da eta babes handia jaso dut bai taldekide baita beste taldeen partetik ere.

Bertsotarako neurri bat?

Zortziko txikia gustuko dut, umoretik jotzeko aukera ematen duelako eta gustura aritzen naiz horretan. Bestalde, Habanera ere oso gogoko dut, luzea izan arren sortzerako orduan dibertigarria iruditzen zaidalako.

Nork merezi du bertso bat?

Lierni nire bertso eskolako irakasleak: beti doinu, bertso sorta, ariketa eta joko berriak ekartzen ditu ikasgelara. Oso ongi zaintzen gaitu eta pazientzia handia du gurekin.

Astebururako planik ederrena?

Ikastea ez den beste edozer. Berandu bukatutako partidu baten ondoren ekipo guztia elkarrekin afaltzera joaten garenean oso pozik egoten naiz, are gehiago partidua irabazi badugu.

Zerekin egiten duzu amets?

Munduan zehar bidaiatzearekin. Atzerriko kulturak, janariak ezagutu eta beste hizkuntza batzuk ikastea gustatuko litzaidake.  

Zerk kentzen dizu loa?

Azken aldian, azterketek eta eskolak;  baina baita bertsoek ere. Isiltasun eta bake momentu bat behar izaten dut bertsoak sortzeko eta gaua izaten da momenturik onena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun