Miel Joxe Lekuona eta Jose Jabier Etxeberria

«Goizuetatik Iruñera joateko bide zaharra berreskuratu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 22a, 08:00

Lekuona ibilbidearen alde teknikoaz arduratu da eta Etxeberria historikoaz. Argazkia: Igaratza Apezetxea

Trabukoren bidea osatu dute Arainburu Mendi Taldeko kideek: historia eta mendizaletasuna elkartuta, Goizuetatik Iruñera arteko bidea lau etapatan egiteko proposamena

Goizuetan bada gizon bat, deritzen zaio Trabuko… kantuaren lehenbiziko akordeak adituta, asko izanen dira kantuan hasiko direnak. Berdabio bide lapurraren ibilerak ezagun egin zituen kantuak eta gertakari haiei buruz gehiago jakiteko aukera izan da Patziku Perurenak idatzi zuen liburuari esker. Udaberrian, Trabukoren bidea egiteko aukera izanen da; kopla zaharrak ahotan, historiako pasarteak dantzan jarri eta Goizuetatik Iruñerako bidea marraztu dute Arainburu Mendi Taldekoek. Berdabio eta bere lagunen larruan jarri eta preso eraman zituztenean egin zuten bidea egiteko aukera eskainiko dute. Joxe Jabier Etxeberria eta Miel Joxe Lekuona goizuetarrak izan dira proiektuari forma eman diotenak.

Zein izan da proiektu honen abiapuntua?

Miel Joxe: Goizuetan mendirako zaletasuna bazela ikusita, Arainburu Mendi taldea sortu zen 2020an. Taldetxo polita osatu dugu eta urtean zehar mendi irteerak antolatzeko ohitura hartua dugu, herri inguruan edo herritik kanpo. Halako batean, zerbait luzeagoa, berezia, antolatzea polita izan zitekeela pentsatu genuen eta ez dakit erdi brometan edo, Trabukorena egin beharko genukeela esan zuen Joxe Jabierrek. Batek hordagoa bota eta besteek jaso. Ederra izan da elkarrekin Trabukoren bidea osatzea.

Joxe Jabier: Ilusioz hartu dugu proiektua. Zerbait berria da: mendizaletasuna, historia, harreman eta ibilbide historikoak elkartzen dituena. Horri guztiari gorputza ematen ari gara. Informazio pixka bat lortzen, garai bateko ibilbideen arrastoak edo aztarnak badiren ikusten… ezagutza hori guztia bildu eta jendeari erakustea ere bada asmoa. Mendiaz gozatzea eta, era berean, ondare historikoari ere dagokion balioa ematea.

«Bide horren atzean zer dagoen azaltzen saiatuko gara»

Nola osatu duzue bidea?

Joxe Jabier: Patziku Perurenaren Goizuetan bada gizon bat… liburuan oinarritu gara proiektu honi forma emateko. Berdabio eta bere lagunak, diru faltsua egiteagatik, Goizuetatik Iruñera preso eraman zituzteneko kontuak aipatzen dira liburuan. XVIII. mendeko kontuez ari gara. Datu pila bat ageri dira liburuan eta eskertzekoa da egin zuen lana.

Miel Joxe: Baliagarria izan da guretzat ibilbidea marrazten hasteko. Liburuan, ez dira herriak zehatz-mehatz ageri. Ez du jartzen nondik joan ziren, baina bai non egin zituzten gastuak. Horrek ibilbidea zehazten laguntzen du. Lehenbiziko egunean Goizuetatik Leitzara joan zirela dakigu eta bertan gelditu zirela lotan ekaitzagatik. Bigarren egunean Antsoainera iritsi ziren Ihabenen bazkalduta eta biharamunean, Iruñera. Hori kontuan hartuta, ibilbidea neronek egitea pentsatu nuen, bidean zer topatuko nuen ikusteko.

Eta zerekin egin duzu topo?

Miel Joxe: Bide batzuk aurkitu nituen ongi zeudenak, oso ongi mantendutakoak. Beste batzuk okerrago zeuden, sasiak eta laharrak hartuak. Denera, 67-70 kilometroko bidea izanen da Trabukoren bidea eta horretara ailegatzeko hainbat saiakera egin ditut. Leitzatik Ihabenera joateko, adibidez, hiru ibilbide ezberdin egin ditut. Lehenbizikoan Ireberko kaxkotik barna joan nintzen, baina gero pentsatzen hasi nintzen… Liburuan aipatzen da Eguberri egunean abiatu zirela Iruñera, eguraldi txarragatik Leitzan gelditu zirela lotan eta Ihabenen zirela hurrengo egunean bazkaltzen. Orduan logika martxan jarri eta ohartu nintzen neguan elurretan, hemengo tontor altuenetik ez zirela joan izanen. Tarteko bide bat topatu nuen, baina oso zikina zegoen. Hogei berrogei laguneko talde bat ezin ginen hortik joan. Hirugarrenean, topatu nuen behar zuen bidea. Ibilbideko bigarren etapa izanen dena; beste bi aukerak baino motzagoa da eta garbi dago.

Joxe Jabier: Miel Joxek egindako ariketa horrek erakusten du bideak aldakorrak direla, bizirik daudela, moldatzen doazela beharren arabera. Kontuan hartu behar da bide bat eta bakarra ez dela behin ere izaten. Bide guztiak ibiliak dira, baina batzuk denbora gehiagoz eta niretzat badu interesa hori zergatik den aztertzeak.

Galdera horiei erantzunez, gidari lanetan arituko zara?

Joxe Jabier: Bai, hori da asmoa. Ibilbidearen alderdi teknikoaz Miel Joxe arduratu da eta nik alderdi historikoa landu eta azalpenak emanen ditut bidean. Betidanik interesatu izan zaizkit historia eta topografia; jakitea bidea zergatik hemendik doan eta hortik ez. Batzuetan hipotesiak baino ez dira izanen, baina ariketa interesgarria iruditzen zait. Aztarnen bila hasten naiz: pertsonen arteko harremanek, hizkuntzak… gelditu diren arrasto horiek ideia bat ematen digute garai batean bideak nondik ziren ikusteko. Adibidez, zergatik dugu hizkuntza aldetik antzekotasun gehiago Eratsun edo Saldiasekin, Leitzarekin baino? Hori bada zerbaiten adierazle. Erantzunak agerian daude batzuetan, bidea hegi batetik doala argi ikusten da errekaren bat zeharkatu behar zelako edo malkarren bat saihesteko. Aztarna batzuk eta besteak lotuz, bidea nondik izanen zen marraztuz zoaz. Buruan istorio bat, kontakizun bat, sortzen. Gustatzen zait hori ikustea, aztertzea eta garai batean hemen bizi izan ziren horien tokian jartzea. 

Herriaren kokalekuak, bideek… zenbaterainoko eragina dute herri baten izaeran?

Joxe Jabier: Gu gauden tokiak, historian zehar eman dio izaera herriari. Goizueta izan da pasabide edo helmuga. Garai batean burdinolek izugarrizko indarra zuten eta merkatu bat zegoen horren bueltan. Pasaiatik Iruñerako bidean, berriz, pasabidea zen. Herria hemen egotea esplikatzen dute. Batzuetan iruditzen zaigu orain bezala zirela gauzak garai batean, baina beste baldintza, ekonomia irizpideak izaten zituzten eta horien arabera osatzen zituzten herrien arteko harremanak eta komunikatzeko bideak. Trabukoren bideak ere ikasgai politak utziko dizkigu.

«Ibilbidea lau etapatan banatuta eginen dugu»

Noiz eginen duzue Trabukoren bidea?

Miel Joxe: Udaberrian egiteko asmoa dugu. Ikusten genuen lau etapak segidan egin ahal izateko jendeak libre izatea zaila izanen zela. Horregatik, lehenbiziko bi etapak asteburu banatan egin eta azkeneko bi etapak segidan egitea gustatuko litzaiguke, bertan lo eginez. Aurrerago zehaztuko ditugu data zehatzak.

Nola banatu dituzue lau etapa horiek? 

Miel Joxe: Denera 67-70 kilometro inguruko bidea osatu dugu. Nik planteatu dudan moduan hiru egunetan egin daiteke, baina taldean eta lasaiago egiteko lau etapatan banatuta egitea proposatzen dugu. Bost ordu eta erdiko etapak izanen dira, mendian pixka bat ibiltzen denak erraz eginen ditu. Goizuetatik Leitzara lehenbizikoa. Bigarrena Leitzatik ihabenera. Ihaben eta Oteiza artekoa hirugarrena eta azkena Oteiza eta Iruñea artekoa izanen da. Hogei bat kilometroren bueltakoak dira etapa guztiak, azkena izan ezik. Hamabi kilometroko luzera du Oteiza eta Iruñea artekoak eta nahi genuke azkenekoa izanik, Iruñean festa pixka bat egiteko aukera ere izatea.

Joxe Jabier: Jendea animatzea nahiko genuke, beste herrietakoek ere elkartu nahi badute, polita izan daiteke. Asmoa da, bukaeran parte hartzaile guztiei pergamino batean ibilbidearen trackak ematea eta Trabukoren kanta ere bertan jartzea. Nork daki, Berdabiok bezala, bertsotan bukatuko dugu akaso.

Trabukoren bideak izanen du segida? 

Miel Joxe: Arainburu Mendi Taldearen ekintza berezi bezala planteatu genuen hasiera batean, baina orain trackak osatuak ditugunez, jendearentzat eskuragarri egotea gustatuko litzaiguke. Donejakue bidearekin egiten den bezalaxe nahi duenak bere kabuz, nahi duenean egiteko aukera izatea polita litzateke. Goizuetatik Iruñera joateko bide zaharra berreskuratzeko modua da. Proposamen berezia da eta kanpoko jendearentzat ere interesgarria izan daitekeela uste dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun