Gipuzkoako bira izena duen GR121 bidearen zati bat osatu zuten abenduaren 15ean, 25 laguneko kuadrillak. Zarautz eta Orio arteko Talaiaren bidea egin zuten, sei kilometro inguruko itzulia. Orion hasi zuten irteera, Zarautzera joateko trena hartuz. San Pelaion gelditu ziren eta Iñurritzako biotopoa zeharkatuta, Zarauzko hondartza hasierararaino iritsi ziren. Gune natural txiki bat da biotopo hori, padurekin, dunekin... Talaimendi igotzeari ekin zioten ondoren. Behetik hasi eta ia tontorrerainoko bidean 539 eskilara igo zituzten. Han goitik, itsasoari begira, Mollarriko haitzetan dauden aztarnak bisitatzera jaitsi ziren, Zarauzko kanpinera ailegatu aurretik. Mollarrin burdina ontziratzeko portua zegoen XX. mendean eta Andazarratetik, 11kilometrora, ekartzen zuten burdina nonbait. Aire kablez garraiatuta iristen zen Mollarrira arte. Handik, Zarauzko kanpainaren aurreko iturriko ur freskoa edan eta mahastien artetik Oribarzar aldera jaitsi ziren. Oribarzarko astoei jaten eman eta mendi bidetik Aitzondo parean bukatu zuten mendi zeharkaldia. Espaloira pasata, Aiako lurretatik Oriokoetara pasa ziren. Orio eta Zarautz ez baitira mugakide; Aia sartzen da tartean. Berreskuratu berri den Mutiozabal ontzia kanpotik ikusi zuten portuaren bazterrean eta Orioko plazan bukatu zuten txangoa.