Goiuri Zabaleta leitzarrak 15 urterekin irabazi du Master Cupeko lau eta erdiko txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 16a, 10:00

Goiuri Zabaleta txapeldun eta Amaia Aldai txapeldunorde, igande eguerdian Sestaon.

Adina zenbaki bat baino ez dela berretsi zuen Goiuri Zabaleta leitzarrak igande eguerdian goraino bete den Sestaoko Las Llanas pilotalekuan, Emakume Master Cup Zirkuituaren eskutik, kirol honen historiaren kapitulu berri bat idatzi baitu, 15 urterekin buruz buruko txapelik prestigiotsuena azken hiruak lortuak zituen Amaia Aldairi 22-11 irabaziz.

Zazpi urte baino ez dira bete Leire Etxanizek modalitate honetako lehen txapela jantzi zuenetik eta gaur egun esku pilotaren urteko hitzordurik garrantzitsuenetako bat bilakatu da Lau eta Erdiko Master Cup txapelketa. Aurrelari leitzarrak, Leitzako piloa eskolaren laguntzarekin, duela oso gutxi emakume batengan sinestezina zirudien maila eskuratu du, pilotazale exijenteenak ere erabat asebetez. Leitzako eskolaren bidea jarraituz, dejadagile aparta da Zabaleta, baina bere adinerako sinestezina den ofizioa eta kantxan egoten jakitea da horren berezia egiten duena. 

Protagonisten aldetik, iaz Durangon jokatutako finalaren errepikapena zen txiki geratu zen Las Llanas pilotalekuko finala, baina jokoan oso bestelako partida ikusi ahal izan zen. Protagonisten mementoek ere ezer gutxi zuten iazkotik, Amaia Aldai txapeldun handiarentzat 2025a urte oso zaila izan den bitartean, leitzarraren aurrerapausoa nabarmena zen aurten irabazitako Hiru Hiriburuak eta Sanmateotako txapelek erakusten zuten bezala. Lau eta Erdiko honetan, urrats handiago bat eman du aurrera Zabaletak, jokatutako hiru partidak nagusitasun handiarekin aurrera aterata.

Egia da Amaia Aldairen aurkako finala azken emaitzak iradoki dezakeena baina gogorragoa izan zdela, baina Zabaletak hasiera-hasieratik eraman zuen finala berak nahi zuen txokora eta une guztietan partidaren kontrola berea izan da, dimoztarrak bere oldarralditxoak izan zituen arren. 

Finalistak, sari emaile, antolatzaile eta Sestaoko pilota eskolako neskekin.

Baina orain arteko txapeldunak ez bezala, aurrelari leitzarrak une oro oso argi izan zuen bere partidaren estrategia, berezkoa duen kalitate izugarri horri esker, pilotakada bakoitza zentzuz jo zuen Zabaletak, aurkaria alderik-alde dantzan ibili du, airez sartzeko aukera oso urriak eskaini eta Aldai partidatik erabat ateraz. Tanteozko lehen tantoak gaindituta (4-4), saketik hasita, erabat mendean izan zuen Zabaletak Aldai eta 10-0eko partzial batekin erabat hautsi zuen finala (4-14). Lehen pilotakadarekin min handia egin zion tarte horretan –azkenerako lau tanto egin zituen lehen pilotakadarekin–, baina  dejadagile aparta ere bada leitzarra eta min izugarria egin zion postura honekin, orotara zazpi tanto eskuratuz. 
Barruan pilatutako amorrua ongi bideratzen asmatu zuenean, lortu zuen Amaia Aldaik bere mailaren berri ematera, esaterako airez errestatutako sake batean edo txokotik sakatuta, baina orokorrean ideia garbirik gabe aritu zen arratiarra, hori bai, borrokarako kemen handia erakutsiz. 

Alize Sagardui txapeldun izan da gazte mailan. Gaztetxo eta promesa mailako txapeldun eta txapeldunordeekin batera ageri da argazkian, goian, ezkerretik lehena.

Alize Sagardui goizuetarra txapeldun gazte mailan

Igande arratsaldean jokatu ziren Master Laboral Kutxako kategoria ttikiagoetako beste finalak eta gazte mailan, Alize Sagardui goizuetarrak jantzi zuen txapela, Ainhitze Arratibel lazkaotarrari 18-12 irabazita.

Gaztetxo mailan, Nahia Sorondo donostiarrak 18-11 irabazi zion Arhane Rey donostiarrari eta promesa mailan, Lide Lopez Murua ataundarrak 18-12 irabazi zion Santo Domingo de la Calzadako Alejandra Perezi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun