Aurrekontuen aurre-proiektuan jasota zegoen Goizuetarako 300.000 euroko partida bat. Diru horri esker, Manuelenea eraikina sendotzeko lanak eginen ditu heldu den urtean udalak. Ezinbestekoa den lehen urrats honen ondoren, barruko lanak egitea faltako litzateke eta erabat birgaitu ondotik, alokairu sozialera bideratutako sei etxebizitza egonen dira herritarren zerbitzura.
Aurrekontuen emendakin fasean, EH Bilduk Goizuetako eskolako teilatua berritzeko 180.000 euroko partida bat sartu zuen, eta onartu eginen dute. Partida honi esker, teilatua guztiz berrituko dute gaur egun dituen arazoei aurre egiteko. Azken urteetan eskolan egindako inbertsioei esker, eraikina kanpotik guztiz berritu da. Gaur egun, Arano eta Goizuetako 80 bat neska mutilek ikasten dute bertan eta 10-12 irakasleek lan egiten dute. Gainera, Aralar Udal Musika eskolak ere bertan eskaintzen ditu bere zerbitzuak.
Goizuetako Udalak EH Bilduk egindako lana eskertu nahi izan du: «Nafarroako aurrekontuetan Goizuetarako inbertsioak egiteko bi partida izatea ez da batere ohikoa, eta gure herriarentzat nahiz herritarrentzat oso garrantzitsua da».