Arano eta Lekunberri UEMAko kide dira dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 15a, 09:00

Urtean ohiko bi Batzar Nagusi egiten ditu UEMAk, mankomunitatearen nondik norakoak erabakitzeko.

UEMAk urte amaierako Batzar Nagusia egin zuen atzo Zarautzen, eta 2024ko balantzea egiteaz gain, 2025erako egitasmoa ere onartu zituzten batzarkideek. Tartean, baita UEMAko kide izateko Aranoko eta Lekunberriko udalek egindako eskaerak ere.

Arano eta Lekunberri gehituta, 113 udal izatera iritsi da UEMA, guztien artean 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Aurten UEMAko kide izatea erabaki duten sei udaletatik bost Nafarroakoak dira.

Azken urteotan hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez, eta horrek isla du UEMAko kide diren udalen kopuruan ere. Urte honen hasieran, esaterako, 107 udal ziren UEMAko kide. Maiatzaren 18an Lesakan egindako batzar nagusian, lau udal berri gehitu ziren UEMAra: Bakaiku, Ituren, Lakuntza eta Zegama. Azaroan, berriz, Aranoko eta Lekunberriko udalek erabaki zuten UEMAko kide izatea, udal osoko bilkuretan, eta eskaerak horiek aztertu dituzte atzo larunbata udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek, Zarautzen egin zuten batzarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun