Goi mailako final bati eska dakizkiokeen osagai guztiak batuko ditu abenduaren 15ean Sestaoko Las Llanas pilotaleku ederrak jasoko duen Amaia Aldai eta Goiuri Zabaletaren arteko Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finalak; kalitate handiko bi pilotari, iazko finalaren errebantxa, emakumezkoen esku pilotaren orainaren eta etorkizunaren arteko talka, historia luzatu edo egiten hasteko aukerak, norberaren mugak gainditzeko ekinak, goiztiartasun errekorrak, merezitako omenaldiak...
Iaz bezala, kaiolako egungo bi aurrelaririk onenak arituko dira elkarren aurka Sestaoko finalean. Iaz, Durangon, Amaia Aldaik bere hirugarren finala jantzi zuen finalean 22-13 gailenduta, baina Leitzarrak, 15 urterekin, bere jokoan ikaragarri hazten jarraitzen du eta dimoztarraren nagusitasuna kolokan jartzeko maila baduela erakutsi du. Aurten Hiru Hiriburuak eta San Mateotako torneo garrantzitsuak irabazi ditu Zabaletak eta bere palmareseko txapelik preziatuena bilatuko du, 15 urte baino ez dituela.
Urtea askoz zailagoa eta gogorragoa izan da Amaia Aldairentzat, emaitza onik gabe, pilota uztekotan ere egon zela onartu zuen igandeko Basauriko finalerdia irabazi berritan, baina Lau eta Erdikoa heltzen denean arratiarra eraldatu egiten da, bere txapeldun bertsioa kantxaratzen du eta laugarren txapela jantzi nahi du jarraian.
Sestaoko finalak ikusmin handia sortu du eta dagoeneko pilotazaleak hasiak dira Las Llanasen partida ikusgarri hau bertatik bertara ikusteko sarrerak eskatzen. Bertaratu ezin dutenek, jaialdi handi hau ETB-1 eta EITB.EUSen jarraitu ahal izango dute zuzen-zuzenean.
Xabier Sainzi merezitako omenaldia
Eta hau guztia gutxi balitz, finalaren egunean merezitako omenaldia egingo zaio Sestaoko pilota klubeko arima izan den Xabier Sainzi. Piloari 30 urtez, entrenatzaile beste 40tan, 20 urtez klubeko lehendakari...