[GUTUNA]: Oreshnik

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 15a, 10:00

Azken aldian Errusiak erabili duen Oreshkin (Hurritz) azken misil berriaren izena hartu du hizpide Joan Mari Beloki Kortexarenak idatzi honetan.

Azaroaren 21ean, Errusiak lehen aldiz erabili zuen Hurritz (Oreshnik errusieraz) izeneko misil balistikoa guda batean. Zehazki, Dnipro hiriko Yuzhmash izena duen misil balistiko fabrikaren aurka, Ukrainan. Misil hipersoniko honek lehergai nuklearra eramateko gaitasuna du, baina honetan ez zuen inolako lehergairik eraman, ez nuklearrik eta ez konbentzionalik. Mundu guztia aztoratuta utzi du misil honek. Zergatik? Dagoen testigantza grafiko bakarra misila lurrera iritsi uneko bideo bat da, urrutitik grabatutakoa. Agintariek berehala inguratu zuten fabrikaren eremu osoa eta argazkiak ateratzeko debekua ezarri zuten. Ondorioz, oraindik ez da irudirik zabaldu, baina bertako bizilagunek base militar handi hartan zeuden eraikinak desagertu direla diote eta hautsa besterik ez dela geratu.

Misila 800 kilometrora dagoen gune batetik jaurti zuten eta bete-betean jo zuen helburu zuen fabrika, desbideratu gabe. Misil hipersoniko honek 12.350 km/h-ko abiadura hartzen du eta detektaezina da. Lehergai konbentzionala duen misil multzoa botaz gero, misil nuklearraren hondamendia eragin lezake, baina erradiazio arrastorik utzi gabe. Gaur egun Errusiak bakarrik dauka halako armarik.

Hurritz misil honek barruan sei ojiba daramatza eta ojiba bakoitzak, berriz, seina artefaktu. Beraz, osotara 36 gailu. Azaroaren 21ean misil honek ez zuen leherketarik eragin. Dirudienez, Dnipro jo zuen misil honek ojiba bakoitzaren barruan seina zulagailu berezi zeramatzan, lurrean bakoitzak dozenaka metroko sakonera duen zuloa eragiteko gaitasuna duena. Diotenez, ehun metrora hurbil daitezke zuloak. Kontuan hartu behar da misila atmosfera kanpotik jaisten dela zuzen-zuzenean, zulagailuek izugarrizko energia zinetikoa dakartela eta 4.000 graduko tenperatura. Baldintza horietan inguru osoko partikulak desegin egiten dira eta hautsa bakarrik geratzen da.

Une honetan mundu osoan ez dago antzeko armarik eta daukanari abantaila osoa ematen dio arma nuklearrik gabeko gatazketan. Azaroaren 21ean, misila jaurti baino ordu erdi lehenago, asmoen berri emanez Errusiako sistemak jakinaren gainean jarri zuen AEBetako Gobernua, misil ez-nuklearra zela jakin zezaten. Errusiako presidente Vladimir Putinek soilik jasotako erasoei erantzuteko erabiliko duela esan du. Errusia dagoeneko hasia da Hurritz hau seriean fabrikatzen. Hortaz gain, oraindik proba fasean diren beste hainbat antzeko arma dutela esan du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun