Herritar askoren artean exari-exarian sortu dute beste behin ere Aranoko Miaxiria aldizkaria, Iparmank Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. Duela bi urte kaleratu zuten azkenekoa eta gogotsu egonen dira herritarrak oraingo honetan bildutako kontuak irakurtzeko.
Miaxiria aldizkariaren zortzigarren edizioa izanen da eta aurreko guztietan bezala, nagusiki Aranorekin lotutako kontuak edo herritarrek egindako ekarpenak bildu nahi izan dituzte.
'Erraldoien dema'
Erraldoien dema izenburua eman diote aldizkariari eta aurrez aurre jarri dituzte Lamixan erraldoia eta eolikoen auzia. Herrian sortutako lehenbiziko erraldoia da Lamixan, sekulako ilusioarekin Cueto-Ansatarren etxean sortu eta Eñautentzako oparia izan bazen ere, Eñautek herriari eskaini nahi izan diona. Erraldoiaren aitzakian zenbait jarduera egin dituzten aurten eta horien guztien lekukotasunak jaso nahi izan dituzte aldizkarian. Eolikoen gaia ere landu dute eta Urumeako Mendiak Bizirik taldeak gisa honetako proiektu batek herrian izanen lukeen eraginari buruzko gogoera kaleratu du. Horiekin batera, Aranoko argazki panoramikoa, jubilotekakoei eskainitako tartea, Aranoko argazkiak, bitxikeriak... eta beste hainbat kontu bildu dituzte aldizkarian.