Goizean euskal mitologiari buruzko tailerra antolatu zuten guraso elkartekoek. Tartalo, Inguma, Galtzagorriak, lamiak... pistak herrian zehar banatu eta ederki ibili ziren jolasean ikasiz. Segidan, kalejira egin zuten Ez al da arraroa euskararik gabe Nafarroa? lelopean eta bukaeran, oraindik hainbat esparrutan, Nafarroan euskaraz bizitzeko dauden zailtasunak utzi zituzten agerian. Pake Toki elkartean bazkaria egin zuten gero eta bingo musikatuan aritu ziren. Garai bateko kantuak, gaur egungoak... astindu zituzten. Milagros eta Valentina antzezlana ikusteko udaletxeko batzar aretoa bete egin zen eta nahikoa barre egin zuten bi alargunen xelebrekeriekin. Bukatzeko, talo jana egin zuten Pake Toki elkartean.