Berriz ere Master txapelketako lau eta erdiko finalean izanen da Goiuri Zabaleta leitzarra

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 2a, 18:00

Goiuri Zabaleta leitzarra eta Itsaso Erasun zizurkildarra finalerdia hasi baino lehen. Zabaleta gailendu zen eta Aldairen kontra ariko da abenduaren 15eko finalean.

Iaz bezala Amaia Aldai izanen du arerio  abenduaren 15ean Sestaon

Joan den urtean bezala, aurten ere Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Amaia Aldaik jokatuko dute abenduaren 15ean Sestaon lau eta erdiaren barreneko Master Laboral Kutxa txapelketaren finala. Basaurin igandean jokatutako finalerdietan, Itsaso Erasun eta Mirian Arrillaga kanporatu zituzten, hurrenez hurren, biek 22-12 irabazita. Gazte mailan, Alize Sagardui goizuetarrak ere finalerako txartela lortu zuen Larrabetzun.

Joan den urtean Aldaik bere hirugarren txapela jantzi zuen, hiru finaletan. Aurten laugarrena jokatuko du, baina Leitzako Goiuri Zabaleta gaztea denboraldi bikaina egiten ari da eta bere bigarren finalean, txapela lehen aldiz janzteko gogotsu dago. Abenduaren 15ean izanen dute hitzordua Sestaon.

Alize Sagardui gazte mailako finalera

Elite mailako finalerdiak Basaurin igande jokatu ziren eta beste kategorietakoak igande arratsaldean Larrabetzun. Gazteak A mailako lehen finalerdian, Alize Sagardui goizuetarrak 18-15 irabazi zion Uxue Lopez de Okarizi eta bigarrenean, Ainhitze Arratibelek 18-12 irabazi zion Uxue Gomezi. Beraz, Sestaon, abenduaren 15ean, Sagardui eta Arratibel izanen dira aurrez aurre.

Uxue Lopez de Ocariz eta Alize Sagardui goizuetarra, gazteak A mailako finalerdiaren atarian. Goizuetarrak irabazi zuen eta finalean izanen da.

Gazteak B mailan, Nahia Sorondo eta Arhane Rey izanen dira finalista eta promesak mailan, Alejandra Perez eta Lide Lopez Murua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun