Goizean goiz, nabari zen mugimendua Goizuetan eta 10:00etarako itxura ederra hartua zuen plaza inguruak. 60 bat postu jarri zituzten eta sasoiko barazkiak, artisauen lanak, arropa, osagarriak... denetarik aurki zitekeen. Taloak ere ez ziren falta. Goizuetako talogileek postua jarri zuten eta ilara luzeak sortu ziren jaki goxoaren esperoan. Aurten, omenaldia ere jaso zuten talogileek urtetan egindako lanagatik.
Plaza ingurutik eskola eremura mugitu zen festa 11:00etan. Giza proba berezia antolatuta zuten: Paollaren zaldia, herritarren aurka. 15 minutuko saioa izan zen, zaldiak 800 kiloko harria eta herritarrak 600 kilokoa mugitu behar izan zuten eta herritarrak irabazi zuten plaza bateko aldearekin. Zaldiak 42 plaza eta herritarrek 43 egin zituzten.
Ordurako su goxoan jarriak zituzten eltzeak. Pilota plazan 500 pertsonentzako bazkaria eman zuten: bertako babarrunak eta betizu gisatua. Aipatu behar da pilota plaza berritu ondoren, bertan egin duten lehengo ekitaldia izan dela. Bazkalondoan, musika eta festa: gautxoriak eguna argituta etxeratu omen ziren.
Auzolana izan zen beste urte batez Feria Egunaren arrakastaren oinarri eta biharamunean ere, Udalak egindako deialdiari erantzunez, auzolanean egin zituzten garbiketa lanak.