Egun osoko festa antolatu dute abenduaren 3an Areson

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 2a, 09:00

Urtero bezala kalejira eginen dute eguerdi partean.

Euskaraz bizi den herria da Areso eta hori agerian utzi nahian, Euskararen Astea antolatu dute. Euskaraz ibili dira jolasean familientzat antolatutako tailerretan eta Bizkarsoro filma ikusteko aukera ere izan dute. Abenduaren 3an, asteartean, ospatuko duten Euskaren Egunarekin borobilduko dute astea, egun osoko festarekin.

Egutegian gorriz seinalatutako eguna izaten da abenduaren 3a herritarrentzat eta aurten ere ez da gutxiagorako izango. Jolasean hasiko dute eguna haur eta gazteek. Euskal Mitologiari buruzko jolasa antolatu dute guraso elkartekoek 11:00etatik aurrera. Euskararen aldeko kalejira eta kontzentrazioa izango dira gero, 13:30 aldera, eta baserritarrez jantzita joateko deialdia egin dute. Bazkari autogestionatua antolatu dute Pake Toki Elkartean, 14:00etan. Helduek bost euro ordaindu beharko dituzte. Bazkalondoan bingo musikatua antolatu dute. 

Arratsaldean, 15:30ean, murala margotuko dute. Unai Ruiz artista gonbidatu dute eta hamabi urtetik gorakoekin osatuko du artelana. Antzerkirako tartea ere izango da. Parena konpainiak Milagros eta Valentina antzezlana eskiniko du 18:00etatik aurrera udaletxean. Eguna borobiltzeko, talo jana egingo dute Pake Toki elkartean 19:30etik aurrera.

Plaza zaharrean jarriko duten zuhaitza denen artean osatzeko deia ere egin dute: etxez etxe banatu dituzten hostoetan euskararen aldeko mezuak idatzi eta bertan eranstea da asmoa. Denen artean euskararen aldeko zuhaitz ederra osatuz.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun