Aranoko Udalak UEMAn sartzea erabaki du

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 29a, 12:00

Atzoko bilkuran erabaki zuen Aranoko Udalak UEMAn sartzea. Eta berarekin batera, Lekunberrik. Hala, 113 udal izanen dira UEMAko kide, horien artean, eskualdeko hamabi.

UEMAren hitzetan, «euskaldunen % 92,2ko indizearekin, euskararen arnasgune trinkoenetako bat da Arano, eta horri eutsi nahi dio udalak». Aho batez hartu zuten atzo erabakia udal osoko bilkuran, Herri Aierriz taldeko bost zinegotzien aldeko botoarekin.

UEMAk abenduaren 14an eginen du urte bukaerako batzar nagusia, Zarautzen. Hitzordu horretan, besteak beste, 2024ko balantzea egitea eta 2025erako egitasmoak onartzea izanen dituzte batzarkideek aztergai, baita herri berrien eskaerak onartzea ere. Ofizialki, beraz, egun horretatik aurrera izanen da UEMAko kide Arano.

Gaur egun UEMAn dauden eskualdeko herriak hamaika dira. Arantza, Areso, Baztan, Bera, Doneztebe, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Ituren, Leitza eta Lesaka. Abenduaren 14tik aurrera Arano gehituko da zerrenda horretara, eta hamabi izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun