Ttirriki-ttarraka bere bidea egiten ari da Zaindu Leitzaldea Elkartea. Martxoan hasi ziren lanean eta herritarren zaintza beharrak asetzeko hainbat zerbitzu eskaintzen ari dira: otorduak, erosketak, garbiketa eta zaintza lanak... Horiek guztiak prezio duin batean eman ahal izateko, diru iturrien bila aritu dira eta bigarren eskuko merkatu bat sortzea bururatu zaie: «herritarrek armairuan baztertuta dituzten arropak eta osagarriak bildu, txukundu eta salgai jartzea da gure asmoa eta irabaziak Zaindu Leitzaldearen beste proiektuak finantzatzeko erabiltzea».
Ekonomia zirkularra
Etxeko armairuan begira hasi eta gehiengoak izanen du azken urtebetean jantzi ez duen arropa edo osagarriren bat. Horiei erabilera berri bat ematea proposatu dute Zaindu Leitzaldea elkarteko kideek: «ikusi genuen egoera onean dauden jantzi eta osagarri horietako askok edukiontzietan bukatzen dutela. Mendialdea Mankomunitatekoekin elkarlanean proiektu hau jarri genuen martxan. Zaindu Leitzaldearen egoitzara ekarrita, berriz ere herrian inbertitzen da irabazia». Ekonomia zirkularra bultzatzeaz gain, uste dute kontsumo ereduen inguruan gogoeta egiteko ere baliagarria izan daitekeela ekimena: «gehiegizko kontsumismo horren aurrean, bestelako ereduak landu daitezkeela ikusaraziko dugu. Badakigu, hemen ez dela ohikoa eta ohitura hauek barneratzeko denbora beharko dela. Baina hiri handiagoetan geroz eta bigarren eskuko denda gehiago daude, jendea kontzientzia hartzen hasia da. Gure herrietan ere aukera ematea, gizartea hezten joatea, zer pentsatua ematea... beharrezkoa da».
Material bilketa
Duela hilabete pasatxo jarri zuten mezua sare sozialetan: «egoera onean dagoen arropa eta osagarriak soberan baldin badauzkazu, ez bota. Ekar itzazu Zaindura eta bizi berri bat emanen diegu». Hasiak dira materiala jasotzen eta bildutakoa gainbegiratu eta txukuntzen ari dira Miren eta Kontsuelo: «Estitxuk proposamena egin zigunean ideia bikaina iruditu zitzaigun, ilusio asko dugu jarria proiektu honetan». Elkarlanean ari dira geroztik, baina lau boluntariok hartu dute proiektua aurrera eramateko ardura: «jaso, txukundu eta salgai jartzea. Horrela esanda oso erraza dirudi, baina lan handia du atzetik. Dena gainbegiratu behar duzu, garbitu, txukundu... egitura bat izatea beharrezkoa da». Salneurria ere zehaztu behar da eta horretarako, antzeko esperientziak izanen dituzte kontuan: «errefentzia bezala Iruñeko Gizakia Herritar fundazioa (Paris 365) hartu dugu. Prezio duin batean eskaintzea da asmoa».
Erosleek perfil desberdinak izan ditzaketela uste dute: «gure dendara edonork etortzeko aukera izatea nahiko genuke. Izanen dira bestelako dendetan erosketak egiteko zailtasunak dituztenak, baina baita bigarren eskukoaren aldeko apustua egin nahi dutenak ere». Zehaztu dute, «haur, gazte zein helduentzako arropa eta osagarriak eskaintzea» dela beraien asmoa. Horretarako jendearen ekarpenak behar dituzte. Nahi duenak, materiala eraman dezake Landa industria gunean duten egoitzara: «ostegunetan, 16:30etik 19:00era eta ostiraletan, 09:30etatik 14:00etara».