Azienda, artisau eta nekazari feria eginen dute larunbatean Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 28a, 15:00

Aziendak, sasoiko produktuak eta artisauen lanak erosteko aukera izanen da azokan.

Hogeigarren edizioa izanen da eta goizetik gauera arte luzatuko da festa.

Goizuetako azienda, artisau eta nekazari feriak hogeigarren edizioa beteko du azaroko azken larunbatean. Baserritarrez jantzi eta festaz gozatzeko gonbidapena egin dute, beste urte batez, feria batzordeko kideek. 

Sasoiko produktuak, artisauen lanak eta aziendak txukun jarriak egonen dira goizeko hamarretarako. Orduan hasiko da festa eta herritar zein bisitariek aukera zabala izanen dute eskura: 60 postu jarri eta 100 bat abelburu eramatekoak dituzte plaza ingurura. Eguraldi txarrarekin frontoian eginen lukete azoka. Horren osagarri, sega zorrozketa erakustaldia eginen dute 11:00etan eta, giza proba berezia 12:00etan. Herritarrak Paollaren zaldiaren kontra ariko dira. Goizean, jatekorik ez da faltako: herriko talogileek taloak prestatuko dituzte eta betizu pintxoak ere jarriko dituzte salgai. Giroa alaitzen herriko trikitilariak ariko dira. Herri bazkaria ere antolatu dute, 14:30ean. Bazkalondoan, segida izanen du festak. Dizkobolo elektrotxaranga ariko da, 18:30ean eta Soka taldeak kontzertua eskainiko du, 21:30ean. Festari segida emateko Oattolo DJ ariko da gaztetxean, 23:30etik aurrera eta Remember gaua izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun