Leitzako hitz kuttunen bilketa egiten ari dira

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 26a, 12:00

Leitzarrei beraien hitz kuttunak zeintzuk diren galdetu diete.

Euskararen Nazioarteko Egunari begira, proposamen berezia egin dute Txumitxe Euskara Taldeko kideek. Leitzako hitz kuttunen zerrenda osatu nahi dute eta hori egin ahal izateko herritarrei hasi dira galdezka.

Hitz, esapide eta leku izenak bilduko dituzte eta bakoitzak bere proposamenak egiteko aukera izanen du. Adibide bezala aipatu dituzte: asmalak esan, tximutxe, Kornieta, abudo... Herritarren esku geldituko da erabakia eta online edota aurrez aurre eman dezakete erantzuna: azaroaren 29an, ostiralean, eta abenduaren 3an, asteartean, herriko plazan egonen dira 19:00etatik aurrera taldeko hainbat kide. Azaroaren 29a ostirala dela baliatuz, goizean azokara ere hurbilduko dira taldeko kideak eta batzuei eta besteei galdezka arituko dira: «parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak».

Bildutako erantzunekin zerbait berezia egiteko asmoa dutela ere aipatu dute, baina misterioari eutsi nahirik, ez dute besterik azaldu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun