Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kirola Departamentutik dirulaguntza bat lortu du Leitzako Udalak, Plazaolako natur bidean moldaketa batzuk egiteko. 140.000 euro inguruko proiektu bat da, % 90eko dirulaguntza izanen dute, eta bi lan nagusi ditu: alde batetik, Iruñaga, Kantina eta Urbietako tuneletako zorua moldatzea eta egokitzea; eta, bestetik, Erreka auzoan Joanabordatik Gipuzkoako mugaraino doan bide zatia asfaltatzea. Udalak egindako eskaera da, eta hainbat hilabetetako lana eta prozedura dago atzean: proiektua idaztea, aurkeztea, beharrezko dokumentazioa eta baimenak lortzea, dirulaguntza eskaera tramitatzea...
Gaur gaurkoz, hainbat zulo, plataforma irregularrak, hondoratze asko... daude bidean, erortzeko arriskua nabarmen areagotzen dutenak. Proiektua gauzatu ondotik, erabiltzaileek nabarituko dute aldea; txirrindulariek eta oinezkoek segurtasunez eta erosotasunez ibiltzeko aukera izanen dute.