Azken ordura arte zalantzan ibili ziren, baina eguraldia lagun, Leitzako plazan egin ahal izan zuten azkenean azoka. Leitza eta Aresoko hamabost nekazarik jarri zuten postua eta sasoiko barazkiak, gazta, sagardoa, taloak, ogia, gozoak... erosteko aukera izan zen. Eskaintza osatzeko, hazien postua, Errigorakoa, LeitzEko kontsumo taldearena eta Habelartekoa ere jarri zituzten.
Aziendak ere ez ziren falta izan. Hamabost abeltzainek ekarri zituzten behiak, behorrak, astoak, oiloak, ardiak... gehienak, bertako arrazakoak. Sabela goxatzeko aukera ere izan zuten Habelartek burruntzian prestatutako pintxo goxoak janez. Antolatzaileek azokaren balorazio positiboa egin dute: «arrakastatsua izan da zinez. Izugarrizko jende pila hurbildu zen, herrikoa, ingurukoa eta Gipuzkoatik etorritakoa. Giro ezinhobea izan zen eta nekazariak egindako salmentekin ere oso gustura daude».