Urriaren 31n furgoneta hartu eta 550 kilometro pasatxoko bidea egin zuten Jaume Perezek eta haren bikotekide Viviana Gimenezek. Bertara iritsitakoan, errealitateak aurreikuspen guztiak gainditu zituen: «herriak desagertu dira; lokatz artean galdu da dena. Hedabideetan ikusten dena baino are gordinagoa da errealitatea».
Zer moduz zaudete?
Nekatuta gaude, bai fisikoki baita mentalki ere. Esperientzia oso gogorra izan da, oso bortitza. Zorionez, gurasoak, anaia eta haren familia ongi daude. Hala ere, bertara joan eta maite dituzun pertsonek zuten guztia galdu dutela ikustea oso gogorra da.
Nola bizi izan zuten beraiek? Zerbait espero zuten?
Hondamendia gertatu baino egun batzuk lehenago zurrumurru batzuk entzuten omen ziren kalean. Eguraldi mapen iragarpenak ez ziren onak. Tous-eko uholdeen antzeko zerbait gerta zitekeela zabaldu zen. 1957an gertatutako hondamendiaren antzeko zerbait etor zitekeela aipatzen zuten. Orduko hartan, Valentzia urpean gelditu zen. Kontua da, azaroaren 29an Catarrojan ez zuela euririk egin; ez zen tanta bakar bat ere erori eta horregatik, ezustekoa erabatekoa izan zen.
Nola izan zenuten zuek gertatzen ari zenaren berri?
Leitzan, etxean, ginen eta telebistan hasi ginen ikusten hango egoera okerrera egiten ari zela. Telefonoz deitu nuen gurasoen etxera eta ongi zeudela erantzun zidaten. Haizeak gogotik jotzen zuela, baina ez zuela euririk ari. Lasai egoteko esan zidaten, dena ongi zegoela. Ez zekitena zen goiko ibarretan etenik gabe ari zuela euria: ia 600 litro ur bota zituen. Erribera altuan botatako euri horiek beherako bidea egin zuten eta Horta Sud eskualdeak pairatu zituen ondorioak.
Catarrojako amildegian egoera larria zela jakin genuenean gurasoei deika hasi ginen, baina ordurako beraien etxean ura sartzen hasia zen. Bizilagunei esker aldameneko etxebizitza batetara iristea lortu zuten eta lehenbiziko solairu batean hartu zuten babes. Nire anaiaren etxean ere hiru metrotik gorako altuera hartu zuen urak. Mugikorreko seinalea, argia… dena joan zen. Iluntzeko zortziak aldera iritsi zitzaien larrialdi abisua eta ordurako dena galdua zuten.
Momentu batetik bestera, hasi zen amesgaiztoa.
Jendea erdi itoan, autoak uretan igerian, hilotzak han eta hemen… momentu kritikoak bizi izan zituzten. Balkoietan zeuden eta maindireak botatzen zituzten jendea salbatu nahian. Beraien bizitzak arriskuan jarri zituzten behin baino gehiagotan. Lehenbiziko pisuan egon eta bizilagun bat urak nola eramaten duen ikustea oso gogorra da. Garaje guztiak urez bete ziren eta asko izan ziren autoa handik atera nahian jaitsi eta itzuli ez zirenak. Urak indar izugarria zuen eta zikinkeria, autoak, kainaberak… pilatzen joan ziren, tapoia sortu eta kaleak presa bihurtu ziren. Horren ondorioz uraren maila igo zen eta herriak ur azpian gelditu ziren.
Handik bi egunetara iritsi zineten zuek Catarrojara. Zer topatu zenuten?
Lokatza eta ezereza, dena suntsituta dago. 1,70 metrotik behera zegoen guztia desagertu da. Bideoak, argazkiak... ikusiak genituen eta uste genuen prest gindoazela, baina herrira iritsi, lehenbiziko kalea zapaldu eta egoera bertatik bertara ikusten duzunean gainezka egiten duzu. Milaka auto pilatuta daude zelaietan bata bestearen gainean. Garbiketa zerbitzuak oso berandu hasi dira lanean eta ur ustela, zaborrak… pilatzen joan dira, herritarren osasunarentzat arriskutsua da hori. Eskolak txikituta daude eta negozio guztiak desagertu dira. Hurbilekoek kontatzen dizute zer bizi izan duten eta zure begiekin, urrutira joan gabe, ikusten duzu miseria.
«Erakundeen utzikeria lotsagarria da, inguruko herrietako jendea da elkartasun lezioa ematen ari dena».
Elkartasun uholdea eragin du horrek.
Herriak salbatzen du herria esaldiak inoiz baino zentzu gehiago du orain. Erakundeen utzikeria lotsagarria da, inguruko herrietako jendea da elkartasun lezioa ematen ari dena. Jendea Valentziatik oinez etortzen da, eskobak, garbikariak… hartuta. Beraien botak behar dituztenei utzi eta plastikozko poltsak oinetan jarrita bueltatzen dira asko. Ura eta elikagaiak badituzte, baina garbiketarako produktu eta materialaren beharra ikusi dugu guk eta eskulanarena ere bai. Laguntza behar da altzariak mugitzeko, urarekin pisu izugarria hartzen dutelako.
Oso harro gaude leitzarrek erakutsitako elkartasunarekin. Hiru furgoneta joan dira materialarekin. Arazoa da, orain, laguntza horiek ukatzen hasi direla. Milaka oztopo jartzen ari dira. Poliziek sarbidea oztopatzen diete eta bestelako bidexkak erabili behar izaten dituzte aurrera egin ahal izateko. Polizien larrialdietako argiak ikusten dira batean eta bestean, baina etsigarria da ikustea gero oinetakoak garbiak dituztela, ez direlako autotik jaisten. Suhiltzaileak izugarrizko lana egiten ari dira, beste asko ikusmiran daude edo lagundu nahi dutenei oztopoak jartzen.
«Dena galdu duzunean, bizirik egotea bera bada ospatzeko nahikoa motibo».
Garajeen inguruan ere asko hitz egin da.
Desagertuta dauden pertsonetako batzuk bertan egon daitezke. Arazoa da, lokatza garajeetan pilatu dela, ura atera dutela, baina lokatzak metro bateko altuera duela. Horrela, garaje barruan dauden auto batzuetara ezin dira iritsi eta ez dago jakiterik barruan hildakorik ote dagoen. Suhiltzaileek gainbegiratu dituzten autoei R bat jartzen diete eta garaje bateko atean R bat jarri eta hildakorik topatzen ez dutela aipatzen dutenean, txalo jotzen hasten da jendea. Dena galdu duzunean, bizirik egotea bera, bada ospatzeko nahikoa motibo.
Eta hemendik aurrera zer?
Egun batzuen buruan berriz ere Catarrojara joanen naiz. Laguntzak iritsi arte, ezer gutxi egin dezakegu, baina beraiekin egotea, babesa ematea garrantzitsua da. Denbora beharko da egoerari buelta emateko. Bistakoa da luze joko duela. Guztia hutsetik eraiki beharko dute, azpiegiturak, etxebizitzak, negozioak... Dirulaguntzak kudeatzeko eman beharreko pausoetan pentsatzen ari dira herritar asko orain, baina egunean 20 hitzordu baino ez dituzte ematen. Prozesua nolabait azkartu beharko lukete. Alderdi psikologikoa ere asko landu beharko dute; bizi izan dutena oso gogorra baita. Uste dut kontzientziazio lana egitea ere premiazkoa dela eta mota hauetako larrialdi egoeretan aktibatzeko plan bat prest egotea. Herritarrek zer egin behar duten jakitea. Igogailuak ez erabili, kotxeen bila ez joan, zein irteera erabili, non hartu babes… gauza ebidenteak dirudite orain, baina gertatu aurretik ez duzu horretan pentsatzen.
Irakaspen garrantzitsu bat ere eman digu han gertatu denak. Zaborretara bota dugun guztia ikusita, gauza materialen balioa zein den pentsatzen hasten zara. Bizipenei eman behar diegu garrantzia gehiago, gauza materialak minutu gutxian galdu daitezkeelako.