Miñan antzezlana ikusteko aukera izanen da Leitzan igandean

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 8a, 11:00

Miñan antzezlana igandean egonen da ikusgai Leitzako Herri Aretoan.

Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da Miñan antzezlana; hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa eta Artedramak antzerkira egokitua. Emanaldia 19:00etan hasiko da eta sarrerak online zazpi eurotan edo leihatilan eskura daitezke zortzi eurotan.

Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte:anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu;pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du.

Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Fernández de Larrea eta Mikel Kaye aktoreak igoko dira oholtzara. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun