Leitzako eta Aresoko produktuen azoka eginen dute azaroaren 10ean

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 8a, 10:00

Leitzako eta Aresoko abeltzainek eta nekazariek beraien produktuak eramanen dituzte azokara.

Azaroaren 10ean, Leitzako eta Aresoko produktuen azoka eginen dute. Sasoiko produktuak eramanen dituzte beste behin ere plazara Leitza eta Aresoko nekazariek. Horien aldamenean, aziendek ere bere tokia izanen dute. Eguraldi txarrarekin Amazabal pilotalekuan eginen lukete azoka.

Hamaika abeltzainek parte hartuko dute azokan eta osotara 130 bat azienda buru eramanen dituzte. Gehienak bertako arrazak izanen dira: burgete behorrak, euskal pottoka, piriniar behi arraza, enkarterriko astoak, ahuntz azpigorriak, latxa ardiak, sasi ardiak... egonen dira ikusgai. Eguraldiak uzten badu azoka plazan eginen dute eta, iaz bezala, aziendak 10:00etan eramanen dituzte oinez Peritzako estartatik. Jatekoa ere ez da faltako eta talo postuekin batera, axuria eta txerrikumea burruntzian erre eta pintxoak jarriko dituzte salgai 11:30etik aurrera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun