Alzheimer malapartatu hori dela medio, urriaren 26an utzi gintuen Areson gure osaba Pellok. Urte traketsa izan dugu gure etxean. Hainbeste lan, hainbeste izerdi, hainbeste maitasun eman zigun berak, bere bi anaiek eta gure ama barne zela, eta era penagarri honetan agur esan zigun.
Nolabait, nire esker ona eta ahaztezina gustatuko litzaidake adieraztea bide honetan lagundu diguten guztiei. Eskutitz honetan ez lirateke kabituko denen izenak, izan ere, errazago egin digute bidea herriko jendeak, auzokide horiek guztiek. Lan aparta bere zaintzaileak izan diren Josek eta Anyak, Leitzaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Junkalek, herriko Juana Marik eta Rosak, Goizuetako Uxuak, baita osasun etxetik ere, bai harrerakoek, bai sendagileek eta erizainek…. Ez nuke bukatuko denen izenekin hasita.
Denek asko erakutsi digute eta une zailetan ongi sentiarazi. Jakin ezazue, oso-oso eskertuta gaudela. Aldi berean, denek gure etxeko ateak irekita dauzkazuela ere esan nahi nuke, edozer gauza dela ere. Horixe erakutsi didate niri etxean, laguntzen duenak ateak beti irekitzea eta ez ixtea, eta horixe adierazi nahi nizueke.
Nire erlijio sinesmenagatik edo, bere anaiekin, gure amarekin eta etxeko senide guztiekin bildu dela ere pentsatzen dut, eta nolabait hor goitik zaintzen gaituztela.
Denei osasuna opa dizuet eta bizi luzaro, bizia gogorra baita, baina elkar horrela lagunduz gero, aldaparik haundiena ere, errazago eramaten da.
Eskerrik asko eta besarkada haundi bat denentzat.
Aresoko Martikoneko Jabiertxo.