'Izan burujabe' zikloa egiten ari dira Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 6a, 09:30

Leitza eta Aresoko produktuen azokarekin borobilduko dute zikloa igandean.

Azaroaren 5etik 10era, proposamen berezia ondu du LeitzEko Kontsumo Taldeak, udalen eta baserritarren laguntzarekin. Atzo goizean, Amazabal institutuan kontsumoari buruz egindako tailerrarekin hasi zuten zikloa eta datozen egunetan elikadura, kontsumo ohiturak, etxebizitza... ardatz hartuta hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Azaroaren 10ean eginen dute Leitzako eta Areosko produktuen azokarekin borobilduko dutena.

Azaroaren 6an, asteazkenean,  Haziak. Zergatik eta nola egin zureak liburua aurkeztuko du Marc Badalek, Atekabeltzen, 19:00etan. Miguel Arribas Kelok eta Marc Badal bera dira liburuaren egileak eta gai oso mamitsuak lantzen dituzte. Batetik, gure baratzeetan estimatuak diren espezieen haziak nola egin azaltzen dute, jakintza praktikoa. Bestetik, barazki horiek gure herrian izan duten historia bildu, eta gaur egun hazien gaia mundu mailan nola dagoen ere jaso dute: monopolioa, transgenikoen auzia, hazi hibridoak, bertako baritateak, bioaniztasuna, Euskal Herrian hazia egin eta informazioa dibulgatzen duten eragileak... 

Azaroaren 7an, ostegunean, Etxebizitza- espekulazioari alternatibak mahai ingurua antolatu dute Atekabeltzen 19:00etan. Hiritik At kooperatibako kideek eta Xabi Torresek eta Igor Astibiak parte hartuko dute.

Azaroaren 8an, ostiralean, aisian ere burujabe izateko, bertako produktuen pintxo-potea eskainiko dute herriko hainbat ostatutan. Gaztañaga, Lopenea, Leitzarra, Peritza, Zirkulo, Zortziko labetxea, Ogiberri, Torrea, Landaberri eta Musunzar tabernek parte hartuko dute ekimenean.

Azaroaren 9an, larunbatean, LeitzEko Kontsumo Taldearen 10.urteurrena ospatzeko, bideo emanaldia, bermut musikatua Canshadows taldearekin, eta bertako produktuen dastaketa antolatu dituzte Karrapean 12:00etan.

 

Azaroaren 10ean, igandean,  Leitzako eta Aresoko produktuen azoka eginen dute. Sasoiko produktuak eramanen dituzte beste behin ere plazara Leitza eta Aresoko nekazariek. Horien aldamenean, aziendek ere bere tokia izanen dute. Hamaika abeltzainek parte hartuko dute azokan eta osotara 130 bat azienda buru eramanen dituzte. Gehienak bertako arrazak izanen dira: burgete behorrak, euskal pottoka, piriniar behi arraza, enkarterriko astoak, ahuntz azpigorriak, latxa ardiak, sasi ardiak... egonen dira ikusgai. Eguraldiak uzten badu azoka plazan eginen dute eta, iaz bezala, aziendak 10:00etan eramanen dituzte oinez Peritzako estartatik. Jatekoa ere ez da faltako eta talo postuekin batera, axuria eta txerrikumea burruntzian erre eta pintxoak jarriko dituzte salgai 11:30etik aurrera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun