Goizuetako Etorkinen Eguneko bazkarirako izena emateko azken egunak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 6a, 11:00

Kuadrilla ederra bildu zen lehengo urtean Etorkinen Egunean.

Kanpotik Goizuetara bizitzera etorritakoek festarako aitzakia izanen dute azaroaren 16an. «Herriari bizia emanez, kaleak alaitasunez eta giro onez betetzeko asmoarekin» antolatu dute autengoan ere Etorkinen Eguna.

Bazkaria izanen dute Oxeguarda jatetxean eta bazkalaurrean eta bazkalondoan poteoan ibiliko dira. Bazkarira joan nahi dutenek azaroaren 9ra baino lehenago eman beharko dute izena. Amaia kafetegian eta Motzanen jarri dute izena emateko orria.

Azken urteetan omenaldietarako tartea ere hartu izan dute eta ikusi beharko da aurten ere sorpresaren bat prestatu ote duten. Iaz, Leitzatik etorritako Terexa Zabala izan zen omendua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun