'Drogak: arrisku eta kalte' tailerrak antolatu dituzte Leitzan datozen asteetan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 5a, 10:00

Drogek eragindamo arrisku eta kalteak izanen dituzte hizpide.

Azaroaren 6an eta 13an gazteei zuzendutako tailerrak eginen dituzte eta azaroaren 20an gurasoei, begiraleei eta entrenatzaileei zuzendutako hitzaldia.

Aurrera Kirol Elkarteak eta Leitzako, Goizuetako, Aresoko eta Aranoko Gizarte Zerbitzuek gazte zein helduentzako prebentzio tailerrak antolatu dituzte. Bi entitateek ohitura osasuntsuak bultzatu nahi dituzte eta horregatik, elkarlanean aritzea erabaki dute. Prebentzio tailerrak antolatzea izan da elkarlan horrek eman duen lehenbiziko fruitua. Azaroaren 6an eta 13an eginen dituzte tailerrak Aurrera elkarteko egoitzan eta saio bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izanen du. Bi taldetan banatuta ariko dira: 15 eta 17 urte artekoak, 17:00etatik 18:30era elkartuko dira eta 18 eta 20 urte artekoak, 18:45etik 20:15era. 

Substantzien kontsumoaz ariko dira eta ondorioak jarriko dituzte mahai gainean. Jokaera osasuntsuak sustatzeko eta arriskuak gutxitzeko moduak ere landuko dituzte eta portaera arazoak eta adikzioak ere hizpide izanen dituzte. Gazteen esperientziak, taldeko kideen ezaugarriak eta kezkak kontuan hartuko dituzte eta horren arabera, gehiago edo gutxiago sakonduko dute gai batzuetan.

Gainera, gai honekin lotuta, begirale, entrenatzaile eta gurasoei zuzendutako hitzaldi bat antolatzeko asmoa ere badute. Azaroaren 20an, 19:30ean, Aurrera elkarteko egoitzan izanen da. Substantziekin eta portaera-adikzioekin lotutako oinarrizko gaiak landuko dituzte eta mugak nola jarri aztertu. Gai honekin lotuta izan ditzaketen kezkak argitzen saiatu eta nerabeek garapen fase bakoitzean dituzten premiak identifikatu eta arriskuei buruz hitz eginen dute. Tailerretan zein hitzaldian parte hartzeko ez da aldez aurretik izena eman behar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun