[ARGAZKIAK] Esne Beltza taldeak azken kontzertu hunkigarria eman du Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 4a, 13:00

Esne Beltza musika taldeak bere azken kontzertua eman zuen azaroaren 2an Goizuetan. Egia da oraindik otsailean Barakaldoko BECen eginen duela agurreko kontzertu berezia, baina Xabier Solano abeslariak Goizuetan aipatu zuen bezala, «heldu den urtekoa beste kolaboratzaileekin eta laguntzaileekin egingo dugun emanaldi berezia izango da, baina Goizuetakoa da Esne Beltza talde bezala, Esne Beltza formatuan eman dugun azken kontzertua». Argazkiak: Felix Loiarte

Baina kontzertua baino askoz gehiago izan zen Goizuetakoa, egun pasa borobila. Duela hamazazpi urte Goizuetako Gaztetxean jo zuenetik, harreman berezia izan da Esne Beltza taldearen eta Goizuetaren artean, herriari eskainitako ‘Goizueta’ kanta horren lekuko eta emaitza. Larunbatean ere harreman hori ederki ikusi zen. Taldekideek eta ehun bat goizuetarrek elkarrekin bazkaldu zuten Umore Ona elkartean eta opariak elkartrukatu zituzten gainera. Goizuetarrek tarta eder bat eskaini zioten taldeari, herria ezagutzera eman dutela eskertuz eta Esne Beltzak ere, beraien irudia eta sinadura zuen panderoa oparitu zion herriari.

Kontzertuan ere biziberritu ziren emozioak. Emanaldia hasi baino lehen, Fernando Goia Pollok taldearekin bizitutakoak gogoratu eta «Goizuetaren izena mundu osoan zabaltzea, baita Japonian ere» eskertu zuen eta bertsoa oparitu zion taldeari. Herriaren izenean, Unai Miranda alkateak ere esker oneko hitzak izan zituen eta Rosa Olaizolak apaindutako esnetarako ontzi berezia eman zien opari. Esneontzian Goizuetako zubi handia irudikatua zegoen, harriz harri egina eta margotua, baita Esne Beltzaren disko guztien azalak ere. Opari dotorea. 24 urte beranduago Goizuetara bueltatu zen Txuria taldekideak ere esker oneko hitzak izan zituen Goizuetarentzat eta goizuetarrentzat.

Esne Beltzak gero eman zuen kontzertua ere ederra izan zen eta jendetza bildu zuen. Jatekoa eta edatekoak ere izan ziren, Goittiki haur txokoaren alde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun