‘Altxa Burue Leitza eta Areso’ taldea sortu dute teknologia berrien erabilera egokia sustatzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 30a, 16:00

Adituek hamasei urtera arte mugikorrik ez edukitzea gomendatzen dute. Argazkia: Freepik

Haur eta gazteei interneterako sarrera duten gailuak emateko adina atzeratzea, ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea edota helduak eta seme-alabak erabilera egokian trebatzea lortu nahi dute.

Telefonoaren gehiegizko erabilerak sortutako kezkari erantzun kolektibo bat emateko asmoz sortu dute taldea Aresoko eta Leitzako hainbat gurasok. Duela aste pare bat Telmo Lazkanok gaiari buruzko hitzaldia eskaini zuen Leitzan eta bertan landutakoa izan da taldea martxan jartzeko behar zuten akuilua.

Guraso askok beren buruari egiten dieten galdera izanen da abiapuntua: Noiz emango diegu lehen mugikorra seme alabei? Lehenengo mugikorra 16 urterekin izatea gomendatzen dute adituek, baina gaur egun askoz lehenago eskuratzen dute bat. Horren inguruan, gogoeta egin eta irtenbideak lantzen joateko hiru helburu nagusi zehaztu ditu taldeak: Interneterako sarbidea duten gailuak jasotzeko adina atzeratzea, eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bilakatzea eta helduak eta seme-alabak erabilera egokian trebatzea eta kontzientzia saretzea.

Smartphoneak gehiegi erabiltzeak dakartzan arriskuen inguruan kontzientzia hartzea ere bada asmoetako bat. Adikzioa eta Ziberbullyinga edo Ziberjazarpena dira arriskurik ezagunenak, baina ez bakarrak: eskola porrota, familia isolamendua, errutinen aldaketak, autolesioak eta jarrera suizidak, umore eta harreman aldaketak, estresa teknologiarik ezean, antsietatea eta depresioa, hizkuntza gaitasuna galtzea…

Mugikorrak zein beharri erantzuten dion ere jarri nahi dute ezbaian. Mugikorra goizegi erosteko arrazoietako bat izaten da helduen aldetik, seme alabekin harremanetan erraz jartzeko bitarteko bat izatea. Horri erantzuteko, herriko hainbat komertzio, taberna eta udal eraikinetako telefonoak haur eta gazteen eskura jartzeko moduak landu nahi dituzte, behar dutenean eta azalpenik eman gabe erabil ditzaten. Presio soziala izan daiteke beste arrazoietako bat, nerabeek mugikorra duten beste adinkideak bezalakoa izan nahia. Horretarako, seme-alabei mugikorra emateko adinkideen gurasoen arteko adostasuna bilatu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun