Lotura berezia izan du, betidanik, Esne Beltza taldeak Goizuetarekin eta Xabier Solanok sare sozialen bidez zabaldu duen mezuan argi adierazi du: «Esne Beltza ez genuen utzi nahi Goizuetan jo gabe. Beraz, azaroaren 2an, denok plazara!».
Kontzertua Goizuetako plazan izanen da, 19:30ean, eta dohainik izanen da. Goizuetako herriak hartu du kontzertua antolatzeko ardura eta taberna ere jarriko dute: 17:00etatik 24:00etara egonen da zabalik eta bokata zerbitzua eskainiko dute. Kontzerturako girotzen joateko, bazkari berezia ere antolatu dute Umore Ona elkartean. Bazkaritarako txorizo egosia, entsalada, haragi gisatua, limoi moussa, kafea eta kopa izanen dituzte hogei euroren truke. Bazkarirako txartelak Amaia kafetegian jarriko dituzte salgai eta kopurua mugatua da. Batean zein bestean bilduko duten dirua, Goittiki haur eskolarentzat izanen da.