Goizuetako eta Aranoko Guraso Elkarteak Gau Beltza antolatu du urriaren 31n. Mozorroak jantzi, aurpegiak estali eta iluntzean, 19:00etan, kalera ateratzeko gonbidapena egin die haur, gazte eta helduei. Urtero bezala argiak itzali eta ezkila hotsek lagunduta, herrian barrena ibiliko dira.
Iluntasunak sortzen duen zirrara berezi hori, norberaren beldurrak, aurpegia estalita izatearen berezitasuna... emozioak dantzan izanen dituzte beste behin ere txikienek. Plazan bukatuko dute kalejira, 19:30 aldera, eta txalapartariek joko dute gaztainak erretzen dituzten bitartean. Eguraldi txarra baldin bada, udaletxeko arkupean eginen dute. Danbolinean erretako gaztainak janez bukatuko dute ospakizuna.