70 pilotari arituko dira Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 25a, 16:00

Lau eta erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako elite mailan jokatuko duten pilotarietako batzuk aurkezpenean. Ezkerretik hasita hirugarrena Goiuri Zabaleta leitzarra.

Emakumeen esku pilota azken urteetan izaten ari den garapen izugarriak aitzinera pausu berri bat emanen du urriaren 27an Hondarribian hasiko den Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketarekin. Kaiolako lehia lau mailatan banatuko da; gazteen A eta B mailak, promesak eta eliteak, emakume bakoitza eroso sentitu dadin, baina denek pilota mistoarekin jokatuko dute.

Elite mailari dagokionez, zirkuituko azken torneotako final handienetatik kanpo, gaur egungo txapeldun den Amaia Aldaik gogoz prestatu du aurtengo kaiolakoa eta bere laugarren txapelaren bila abiatuko da. Baina emakumeen esku pilota kualitatiboki bezainbat hazi da kuantitatiboki eta garaipen hori kolokan jar dezaketen pilotarien izenak ere izugarri ugaritu dira eta Goiuri Zabaleta leitzarra, Gaminde, Arrizabalaga, Etxegarai, Garai, Ibarrola eta enparauek gauzak zail jarriko dizkiote dimoztarrari.

Igande honetan Hondarribian hasiko den txapelketa eder honek dagoeneko finkatua dauka bere ibilbide orria eta finalerdiak abenduaren 1ean jokatuko dituzte, Basaurin, ETB-1 eta www.eitb.eus-ek zuzenean emanen duten jaialdian. Finalak, berriz, abenduaren 15ean jokatuko dituzte Sestaon, ETBko kamerak han direla.  

Lehen ediziotik egin duen bezala, Laboral Kutxa izanen da txapelketa honen babesle nagusia eta Alvaro Parro eta Karmele Segura, erakundeko babesle arduradunek adierazi duten bezala, «banakako Lau eta Erdiko Master LABORAL KUTXA txapelketa prestigio handiko lehiaketa bihurtu da emakume pilotarien artean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun