[GUTUNA]: Hezkuntzan grebak, zergatik?

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 22a, 20:00

Gorka Tello irakasleak Leitzako BHI-ko irakasle batzuen izenean iritzi artikulu hau bidali du TTIPI-TTAPAra. Argi mintzatu da: «Ezegonkortasun handiko garai hauetan, batu gaitezen Hezkuntza publiko duin baten alde».

Irailetik hainbat greba egin dira gure inguruan, batzuk ikasleek sustatuta (USE frogako ereduak eskatuz, Palestinako genozidioa salatuz...), beste batzuk irakasleek deituta. Irailaren 26an Amazabalgo ikastetxean greba egindako langile batzuek egindako hausnarketak partekatu nahi dira, greba egiteko arrazoiak azaltzeko asmoz. 

Ikastetxeak ikasleak, familiak, langileak, herriak... osatzen duten komunitateak direnez, bertako partaideen egoerak eta kezkak lotuta daude. Hortaz, komunitateko kide guztiek ikasturte honetan egindako eta urriaren 29rako deitutako greba egiteko arrazoiak zeintzuk diren ezagutzea komeni da. 

Hasteko, gehiegizko lan karga azpimarratu behar da. Ikasturte hasieran beste garaietan baino lan gehiago izatea arrunta izan daiteke, ez litzatekeena arrunta izan behar lan burokratikoa ikasle zein irakasleen ongizateari gainjartzea da. 

Ikasleen beharrak identifikatzea, klaseak prestatzea eta ikasgeletan zein ikastetxetan giro ona egotea funtsezkoa da. Zeregin horiei eskaini beharreko denbora lortzeko, geroz eta ahalegin handiagoa egin behar da eta, hala ere, batzuetan ezin garela iritsi pentsatzera heldu gaitezke. Hori greba egitera bultzatzen gaituen arrazoietako bat da. Esaterako, ratioei erreparatzen badiegu, DBHko gela batean 30 ikasle egon daitezke eta Batxilergokoan 33, ikasle bakoitzak ezaugarri eta behar desberdinak dituelarik. Horrela, bagaude ikasturtero 100 ikasletik gora ditugun irakasleak, batzuetan 180 ikasletik gora izatera iritsita. Horrekin lotuta, espezialisten garrantzia azpimarratzekoa da, hala nola, orientatzaileena eta PT-ena (Pedagogo terapeutikoena). Esanguratsua da orientatzaile bakarrak 200 ikasletik gora izatea, esanguratsua bezain onartezina. Horren aurrean, orientatzaile eta laguntzaile gehiago jarri edota ratioak jaitsi ordez, askotan PT plazak murriztu edota ikastetxe bat baino gehiagotan aritu behar dute, lana bikoiztuz. Espezialisten beharra azpimarratzea greba egiteko beste arrazoi garrantzitsu bat da. 

Bildutako irakasleok nabarmendu nahiko genuke greba egiteko lehentasuna ez dela soldata igoera, baizik eta ikasle zein irakasleen ongizatea zaintzea. Horretarako, gehiegizko lan karga eta ratioak murriztu behar dira. 

Amaitzeko, hezkuntzan arazo batzuk egiturazkoak izan arren, herrietako ikastetxeak, beste esparru batzuetan gertatzen den gisara, gutxietsiak izaten direla eta hori ere ekidin behar dela aipatu nahiko genuke.

Ezegonkortasun handiko garai hauetan, batu gaitezen Hezkuntza publiko duin baten alde!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun