Urriaren 18an, ostiralean, giro berezia nabari zen Leitzako Herri Aretoko atarian. Amaia Iparragirrek zuzendutako Bularretik ehundutako aitortzak dokumentala estreinatu zuten eta zuzendariaren beraren hitzetan harrera ezinhobea izan zuen: «jendea oso hunkituta atera zen eta eskertuta etorri zaigu. Harrituta egindako lanarekin eta beharrezkoa bezain lagungarria dela adierazi ziguten».
Elkartasun Eguna
Dokumentalarekin giroa goxatu eta festarako gonbidapena egin zuten biharamunean eta jendetza elkartu zen. Txalaparta doinuekin hasi zen ospakizuna eta minbiziaren aldeko martxa solidarioa egin zuten segidan. Parte hartzaileek ibilbide laburra eta luzea izan zituzten aukeran eta haur, gazte eta helduak elkarrekin giro ederrean ibili ziren.
Eguerdian kalejira egin zuten Ituren eta Zubietako joaldunek, erraldoien konpartsak, txarangak eta fanfarreak lagunduta. Elkarrekin, Porrotxek oparitutako pagoa landatu zuten. 14:00etan, mahaiaren bueltan elkartu ziren 280 bat lagun. Herriko supermerkatuek emandako elikagaiekin, bazkari solidarioa prestatu zuten eta txartelen salmentatik ateratako dirua ere, ikerketara bideratuko dute.
Arratsaldean, 17:00etan, Leitza, Berastegi eta Araitz-Beteluko herritarren arteko herri kirol saioa egin zuten eta segidan, musikak ere izan zuen tokia. Ane Martija musikariak kontzertua eskaini zuen 19:00etan eta 20:00etan, boletoen zozketa egin zuten.
Zozketako zenbaki saridunak
Hamabi sari zozketatu zituzten eta honakoak izan dira zenbaki irabazleak: 3.531, 1.132, 3.972, 3.533, 3.363, 0095, 5.637, 11.739, 4.893, 1.777, 2.680 eta 3.427.