Landa Eremuko Emakumeen Eguna ospatu dute Aresoko eskolan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 16a, 16:30

Urriaren 15ean Laura Zabaleta Atxutegiren bisita izan zuten Aresoko Nazabal Eskolan eta sendabelarrei buruzko saioa egin zuten.

Adibideen bidez gehiago ikas daitekeenez, landa eremuko emakume bati egin zioten eskolara joateko gonbidapena. Ez zuten urrutira joan beharrik izan adibide bila, Areson bizi baita Laura Zabaleta Atxutegi. Naturarekin duen lotura zein den azaldu eta sendabelarrei buruzko azalpenak eman zizkien ikasle eta irakasleei. Sendabelarrekin egiten dituen ukendu, xaboi zein botikak ikusi, ukitu eta dastatzeko aukera ere izan zuten. Gainera, hainbat sendabelar eraman zituen eskolara eta zentzumen desberdinak erabiliz belar bakoitzaren izena asmatzeko jolasa egin zuten. Ondoren, ezpainetako bat egiteko tailerra egin zuten eta goiza borobiltzeko Laurak egiten dituen gozo goxoak dastatu zituzten. Eskolatik adierazi dute oso gustora egon zirela: «asko ikasi zuten eta poz-pozik joan ziren ikasleak ezpainetako banarekin etxera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun