Energia eolikoaren bueltan dabiltzan enpresek aspalditik dituzte begiz joak Arano eta inguruko mendiak. Alerta guztiak piztu ditu, ordea, mehatxua ate joka etorri izanak. Repsol enpresak proiektu bat esku artean duela jakinda, aurre egiteko bideen bila hasi dira Aranoko hainbat herritar.
Zein da egoera?
Repsol enpresak 99 MWko potentziako makroproiektu eoliko bat egiteko asmoa du gure mendietan. Ez da zurrumurru hutsa, dagoeneko baieztatu digute. FE Energy kontsultorako zenbait ordezkari etorri dira herrira eta udal ordezkariekin bildu dira. Kokapen zehatzik argitu gabe, inguru honetan, makroproiektu eoliko bat egiteko asmoa dutela esan diete. Herriarekin zuzenean hitz egitera etorri dira: presioa egin eta proiektua onartzearen truke era guztietako konpentsazio ekonomikoak eskainiz. Jarrera lotsagarria izan dute.
Ez da Aranon eolikoen bueltan zerbait egiteko saiakera egin duten lehenbiziko aldia.
Inguru honetarako proiektatzen duten hirugarren aldia da. Herrira ofizialki etorri aurretik ere bagenuen susmoa, urtebete daramatelako Taxus enpresakoek, eguna joan eta eguna etorri, inguru honetan. Ingurumen azterketak egiten dituen enpresa bat da, gobernu eta enpresa handientzat lan egiten duena. Jakin dugu, proiektuaren sustatzaileek kontratatu dutela ingurumen inpaktuaren azterketa egiteko.
«Euskal Herriko azpiegitura handiena izanen litzateke»
Zer dimentsiotako proiektua da?
205 metroko altuerako eta 6,6 MWko airesorgailuez hitz egiten ari gara. Berastegin dorre bat, Goizuetan bi dorre, Hernanin bederatzi eta Aranon lau, bost, sei edo zazpi dorre jartzea aurreikusten dute. Udalekoekin bildutakoan ere hala esan omen zuten, gehiago nahi badituzue, gehiago ere izan daitezke. Badirudi Arano bereziki interesatzen zaiela. Euskal Herrian gaur egun planteatzen den mota horretako azpiegiturarik handiena izanen litzateke, 100 MWko potentzia duen instalazio bat sortuko litzateke. Horregatik, tramitazioa Estatuaren eskumenekoa da bere dimentsioengatik eta bi autonomia erkidegori eragiten dielako. Azken hitza, beraz, Madrilen izanen lukete. Egoera honetan energia berriztagarrien proiektu handienak bizkortzeko aukera ematen dion express prozedura aplikatu dezakete, 20/2022 Errege Dekretua indarrean jarrita. Horrek, parte hartze publikorik egin gabe eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioko prozesua ezabatuta, aurrera egiteko aukera ematen dio.
Zer eragin izanen luke herrian?
Txikizio izugarria izanen litzateke. Mendia industrializatu, porlanez bete eta inpaktu larria eragin. Hemengo balioak, gure herriaren bereizgarri diren natura eta paisaia, ondarea, osasuna... erabat suntsituko lituzkete eta horrek kolokan jarri dezake herriaren biziraupena. Gainera, Aranoko lurretan jarri nahi dituzten airesorgailuez gain, Hernanin beste enpresa batek egin nahi duen beste proiektu batek ere zuzenean eraginen liguke. Hernaniren bizkarrean jarri nahi dituzte airesorgailuak, Aranoko mugatik hamar bat metrotara. Herria eolikoekin inguratuko dute. Bi proiektuen arteko konkurrentzia egon daitekeela uste dute, Oiartzunen konexio baimena dagoeneko eskuratua dutelako.
Zein da zuen jarrera?
Gure artean biltzen hasi gara eta proiektua geldiarazteko gure esku dagoen guztia eginen dugu. Badakigu udalak lehenbiziko bilera horretan ezetz esan ziola enpresari; ordaindu beharreko prezioa altuegia zela. Herritarren artean ere kontrako jarrera nabari dugu. Orain, proiektuari kontra egiteko zirrikitu posible guztiak bilatu behar ditugu. Aranzadi Zientzia elkartera jo dugu gure herrian dugun balio ekologikoa eta arkeologikoa jasotzeko, ingurugiroan izanen lukeen inpaktua neurtu nahi dugu, txostenak prestatu... proiektuak aurrera eginen balu, alegazioen garaia iristen denerako prest egotea da gure asmoa. Mikel Alvarez donostiarra ere sekulako lana egiten ari da eta proiektuaren aurkako txosten bat landu du. Baztan, Malerreka, Bortzirietan.... makroproiektu eolikoen kontra sortzen ari diren taldeekin ere sarea osatu nahi dugu. Ez gaude prest, inolaz ere, amore emateko.