Ttikitatik izan du gustuko musika eta ikasketak horretara bideratu zituen: «piano ikasketak egin nituen Donostiako Kontserbatorioan. Ordu dexente sartu behar izaten nituen, baina gustuko tokian aldaparik ez denez izaten, ez zitzaidan batere neketsua egiten». Dena den, musikarekin bakarrik bizitza aurrera ateratzea zaila izanen zela pentsatu eta irakaskuntzarekin lotzea erabaki zuen: «gaur egun, Goizuetako eskolan ari naiz lanean».
Goizuetako koruko kidea ere bada eta ongi ezagutzen ditu atzeko eta aurreko lanak: «koruaren sorrerako urteetan zuzendari lanetan ibili nintzen. Ez zen lan erraza izan, nik piano ikasketak eginak nituen, baina ez kantukoak. Ahots teknika koruan hasi nintzenean hasi nintzen ikasten». Barre artean aitortu du: «korukoak erotu nituen pixka bat, baina izugarrizko lana egin zuten. Sinestezina iruditzen zait jendeak erakutsi zuen inplikazioa». Orain zuzendari makila utzita, kantuan gozatzen du.
Kirolaria
Kirola da bere bizitzaren beste ardatzetako bat. Lasterka ttikitatik ibili izan da: «herrian bertan nire kabuz, Behobian bi aldiz eta hainbat krosetan parte hartu dut». BTTan 18 urterekin hasi zen: «kirol honek askatasun zentzu handia eman zidan, bizikleta hartu eta ahuntzak bezala goiti eta beheiti ibiltzeko aukera». Mendiarekin ere lotura berezia izan du betidanik: «mendia da, nire herriko txoko eta inguruarekin izan dudan loturarik handiena». Bakarrik zein taldean gozatzen du mendiaz: «biak ala biak, oso aproposak dira. Bakarrik, zeure buruarekin eta naturarekin bat egiteko eta taldean. harremanak sustatu eta arrisku handiagoko ibilbideak egiteko».
Arainburu Mendi Taldean aurkitu du babesa. Duela bost urte sortu zuten taldea eta idazkari lanetan aritzen da Igaratza. Ilusio berezia nabari zaio mendi taldeari buruz hitz egiterakoan eta bere ustez, egiten duten horretan sinestea da arrakastarako giltza: «plazer bat da mendi taldean Jose Javier Etxeberria, Miel Joxe Lekuona eta Patxi Etxeberria gidari lanetan ibiltzea. Mendian asko ibilitakoak dira eta Goizuetako txokoak oso ongi ezagutzeaz gain, Euskal Herriko Mendietan eta Pirinioetan ere oso trebatuta daude. Oso eskertuta nago beraiekin». Taldearen helburua, bertako mendi eta txokoak ezagutzeko aukera ematea da: «ondarea eta historia, toponimia... ezagutzera ematea. Euskal Herriko mendietara, inguruko herrietara eta Pirinioetara irteeraren batzuk egitea da asmoa eta elkarrekin mendiaz gozatzea». Alde horretatik, eskertzekoa da «herritarrek beraien denbora, lana eta jakintza musu truk eskaintzea».
Goizueta zerbaitetan nabarmentzen bada, «herrian borondatez, musutruk eta boluntario lanetan aritzeko jendeak duen jarrera da». Herritarrek argi dute: «guk egiten ez badugu, inor ez da etorriko deus egitera. Herri ekintzaile eta umoretsua dela ezin da ukatu». Eragile asko daude hain herri ttikia izateko eta denen artean hainbat ekintza eta ekitaldi antolatzen dituzte: «herria bizi-bizirik dago eta batzuetan zaila da txanda hartzea».
Egutegia beteta izanagatik, bidaiatzeko tartea ere hartzen du Igaratzak: «nire pasiorik handiena, bidaiatzea da. Beste kulturetatik ikasi, beste bizimoduak, naturak, paisaiak, gastronomia, hizkuntzak, beste bizitzako filosofia eta moduetatik ikastea». Asko dira ezagutu dituen tokiak: Irlanda, Ingalaterra, Maroko, Iran, India, Nepal, Indonesia, Vietnam, Egipto, Saharako Errefuxiatuen kanpamentuak...». Gehiago ere baditu begiz joak: «pixkanaka-pixkanaka bost kontineteetatik pasatzea da nire helburua».
«Ustekabean 180 graduko bira eman du nire bizitzak»
Orain, ordea, bestelako bidaia batean dago murgildua: «ustekabean bizitzari 180 graduko bira ematen dioten horietakoan. Bularreko minbizia detektatu zidaten 2024ko martxoan. Tratamenduan nago eta luze joanen da». Aldaketa fisiko eta psikiko handiak dakartza eritasunak: «beldurrak, ziurgabetasuna, menpekotasuna, zaintzak, ezezko eta ezinezko askotan sartzen zara, nekea, tratamentuaren bigarren mailako ondorioak... Izan Iñurri Elkartean sartuta nabil eta orain Leitzan 2zi Elkarteak antolatu dituen dokumental eta ekintzetan parte hartzeko gogoz nago». Bere ustez, besteen bizipenak lagungarri dira: «hizkuntza berean hitz egiten duzula sentitzen duzu, hau pasatu egin behar baita zer den ulertu ahal izateko».
Batetik eta bestetik indarra hartu eta bere onera bueltatzea amesten du: «amets gaizto honetatik ahal dudan hobekien errekuperatzea. Nahiz eta lehen nintzena izatera ez iritsi, izatera iristen naizen pertsona eta gorputza horretara ohitzea, duintasunezko bizitza bat izan eta autonomiaz, menpekotasunik gabe, eta askatasunez bizitzeko aukera izatea».