Urriaren 20an antzinako burdinolen bidea ezagutzeko aukera izanen dute bisitariek. Gidari baten laguntzaz osatuko dute zortzi kilometroko ibilaldia eta Artikutzaren historiako industria-aldi garrantzitsuenaren xehetasunak eta ingurunean izan duen eragina ezagutzeko aukera izanen dute. Elama eta Goizaringo burdinolen hondakinak bisitatuko dituzte, eta haien funtzionamendurako beharrezkoak ziren jarduerak ezagutuko: meatzaritza, ikazkintza...
Irteera Arriurdinetako harrobian hasiko da, Artikutzako hegoaldeko sarreran. Handik Elamako burdinola eta baserriraino jaitsiko dira. Ibaiaren bideari jarraituz, Goizarinera iritsiko dira eta pagadi trinko batetik igoz, abiapuntura itzuliko dira.
Erreserba beharrezkoa
Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen: online, artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita edo 679 613 016 telefonora deituta (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara).
Urte osoan zehar antolatzen dira bisita gidatuak, baina eguraldiaren araberako azken uneko aldaketak gerta daitezke. Bisita egiteko sarrera ordaindu behar da momentuan bertan, eskudirutan. Sei eta hamasei urte artekoek 2,09 euro ordaindu beharko dituzte pertsonako eta hamasei urtetik gorakoek 3,14 euro pertsonako.