Arkiskilen belar artifiziala jartzeko dirulaguntza sartu dute Nafarroako aurrekontuetarako aurreproiektuan

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 14a, 17:00

Arkiskil futbol zelaian egoera tamalgarria izaten da euria egin ondotik.

Nafarroako Gobernuak 2025. urteko aurrekontuetarako aurreproiektua onartu zuen urriaren 11n egindako ezohiko batzarrean. Bertan, Leitzako Arkiskil futbol zelaian belar artifiziala jartzeko partida bat sartu dute.

Belar naturaletik belar artifizialera aldaketa egiteko ezinbestekoa zen Nafarroako erakunde publikoen finantzazioa lortzea: «behin hori lortuta, eta Nafarroako Parlamentuak berresten duenean, aspaldiko beharra eta eskaera asetzeko modua» izanen dela argitu du udalak. Aurreikusitako epeak betetzen badituzte, 2025ean belar artifiziala jarriko dute Arkiskil futbol zelaian.

Urtetako eskaera

Duela hogeita bost urte egin zituzten Arkiskilen futbol zelaia eta aldagelak eta Aurrera Futbol Taldeko kideek salatu izan dute, urte hauetan guztietan Nafarroako Gobernuak ez duela inbertsiorik egin instalazioetan: «ez da dirulaguntzarik izan zelaiaren eta aldagelen egoera eta argiztapena hobetzeko». Behin baino gehiagotan salatu izan dute zelaiaren egoera «penagarria» zela, baina bestelako indarra hartu dute aurreko denboraldian salaketek. Asteburuetako futbol partidetan soilik ez, entrenatzeko orduan ere arazoak izan baitituzte. Zelaia ahalik eta egoera hoberenean mantentze aldera, neguan ez dute zelaian entrenatzen eta Kiroldegian aritzen dira, hor ere toki arazoak sortuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun