Hiru Hiriburuak torneoko final historikoa jokatu zuten igande eguerdian Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Urteak ziren Gasteizko pilotalekuak, ezta gizonezkoen final handietan ere, horrelako betekada handirik bizi ez zuela –harmailetako 2.200 eserlekuak bete egin ziren eta asko izan ziren sartu ezinik geratu diren pilotazaleak– eta igandean goraino bete zen lau pilotari gazteren arteko final ederraz gozatzeko. Izan ere, lau finalistetan, 21 urterekin, Nora Mendizabal izan zen zaharrena eta azkenerako Goiuri Zabaletak eta andoaindarrak jantzi zituzten txapelak, Mirian Arraizari eta Enara Gaminderi 22-16 irabazita.
Partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoak kolore bakarra izan du, Zabaleta eta Mendizabalen urdina. Arraizak eta Gamindek argi zuten beraien estrategia, Zabaleta saihestu eta jokoa atzean kargatzea, baina kosta egin zaio pilota gozatzea Gaminderi eta Mendizabalek ongi eutsi dio atzeko koadro horietan. Hor agertu da Zabaleta faktorea. Leitzarra sasoi ezin hobean heldu da uda amaiera honetara eta sekulakoak egin ditu finalaren lehen erdi honetan. Partida oso serioa jokatu du, atzelari ere asko lagundu dio eta tantoak amaitzerakoan ere sekulakoak egin ditu 13-1 aurreratzeraino.
Askotan gertatzen den bezala, funts gutxiko final bat izango zela zirudienean, partida errotik aldatu da. Egunik onena izan ez duten arren, pilotalekua bete duten gaztetxoei lezio ederra eman diete Arraizak eta Gamindek, amorerik eman ez eta finala azken muturreraino lehiatuta. Hasierako urduritasunak eta beldurrak gainetik kenduta, Mirian Arraiza finalaz gozatzen eta aurrean protagonismoa izaten hasi da, dejada bikainekin tantoak lortuz. Euren pilotarekin, Gaminde ere gehiago gozatzen hasi da eta bigarren erdian urdinak izan dira tantoak galtzen hasi direnak, markagailuan lau tantotara gerturatzea ere lortu dute (17-13). Ez die finala iraultzeko astirik eman, baina gutxienez halako partidek hainbeste eskertzen duten emozioa eman diote finalari. Azkenerako opari batzuk ere egin dituzte gorriek, Arraizak esaterako falta egin du bere azken bi sakeetan eta horrela eman zaio Ogetako final historikoari.
Alize Sagardui goizuetarra txapeldun gazte mailan
Igande arratsaldean, 300 ikuslek ikusi dituzte beste kategorietako finalak Ogetan. Nagusietan, pilota goxoarekin, Iribe Aristimuñok eta Jone Zumetak 18-9 irabazi diete Nora Martinezi eta Petra Rodriguezi. Pilota mistoarekin, hasi berrietan, Ainitze Arratibelek eta Ezki Aristik 18-6 irabazi diete Nora de Vegari eta Lur Egizabali. Pilota mistoarekin, gazteetan, berriz, Umore Onako Alize Sagardui goizuetarrak eta Uxue Gomezek 18-16 irabazi diete Naia Uriarteri eta Eider Perezi. Promesak mailan, azkenik, Olatz Insaustik eta Irati Betegik 18-9 irabazi diete Iria Madariagari eta Malen Lamadridi.