1948tik gaur arte, 130.000 palestinar baino gehiago erahil dituzte. Azken 10 hilabeteetan soilik 40.000tik gora, eta are gehiago zauritu, etxerik gabe utzi, urik gabe... Ez dago bi estatuen soluziorako tarterik, ez dago erdibiderik. Palestinaren askatasuna lotuta dago Israelen desagerpenarekin.
Mendebaldeko estatuek (AEB buru dutela) badute zeresana sarraski honetan, hasiera-hasierartik. Mundu arabiarrean estatu aliatu bat izan eta merkataritza bide nagusiak kontrolatzeko nahiak eramanda hauspotu zuten Israelgo estatu sionistaren sorrera, hau da, Palestinaren gaineko kolonizazioa. Orain, Israel iparralderantz gerra hedatu nahian ari dela ematen du Libanoko erasoekin eta izugarria bezain esperotakoa da nazioarteko inpunitatea. Sarraski bat ari gara ia-ia denbora errealean ikusten, mendebaldeko estatuen onarpen eta babesarekin.
Palestinar herriari eta haren erresistentziari babesa emateaz gain, beharrezkoa da erantzuleak seinalatzea eta egoera betikotzen duten mendebaldeko enpresa, gobernu zein alderdi konplizeak salatzea. Esaterako, CAF enpresak lurralde okupatuetarako trenbide azpiegitura eraikitzen du eta Espainiako Gobernuak –inoizko alderdi aurrerakoiena (sic)– israelekin harremanak normaltasunez mantentzen ditu –armak salerosteraino!–.
Bide batez, irratian entzun dut gaur «asesinos palestinos» eta «defensa militar israelí» esaldi berean. Segituan aldatu dut irratiz; zer nolako eragina duten mendebaldearen propaganda bideek (ezin zaie komunikabide deitu) gizartearengan... Beharbada horrek ere izanen du eragina hilketa guztien aurrean kaleak erabat oraindik ere hartu ez izanarena. Irakur ditzagun komunikabide libreak (gonbitea hemendik Gedar.eus bisitatzeko).
Testu honen izenburua darama lematzat urriaren 5ean Bilbon Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituriko manifestazioak. Beharbada hau irakurtzen ari zarenerako igaro da urriaren 5a: zenbat komunikabidetan atera ote da?