GAIZKA LEITZA ALDUNTZIN

«Egindakoari bihotza eskaintzen saiatzen naiz»

Ttipi-Ttapa 2024ko urriaren 12a

Gaizka Leitza Alduntzin leitzarra.

Leitzako gazteak TTIPI-TTAPAren 11 galdera laburrak erantzun ditu.

Nor da Gaizka Leitza?

29 urteko gaztea naiz eta artea edo sorkuntza den guztiak zirrara sortu eta pozten nau. 

Argazki kameraren atzean edo fokuen argipean, non gusturago?

Biak ditut gustuko, bakoitzak dauka berea. Fokuen argiak, momentu batez, beste ni bat izateko aukera ematen dit. Kamerak, berriz, mundua zein koloretakoa ikusten dudan erakusteko balio dit. Ikuslea nire begietara eraman eta izoztutako momentu horren atzean egon daitekeen istorioan murgildu ahal izatea gustatzen zait. 

Nondik heldu zaizu afizioa?

Betidanik gustatu izan zait irudia, eskulanak, sorkuntza...  eta argazkilaritza adierazteko aitzakia bat dela uste dut. 

Nola ikasi duzu? 

Besteek egiten dutena eta mundua begiratuz, baina garrantzitsuena, argazki kamera hartu eta kalera ateraz.

Orain arte ateratako argazkietatik, baduzu kuttunen bat?

Ikusi dudanaren arima erretratatzea lortu dudan argazkiak.

Gustura aterako zenukeen bat?

Ezustekoan ateratakoak izaten dira onenak, baina baztertutako pertsona, gauza, leku eta istorioren batenak, agian.

Barraren atzeko aldetik ere, ez da ikuspegi txarra izanen?

Barraren atzean jende zoragarria topatu dut eta naizenaren asko zor diet haiei, haien mundua begiratzeko moduari. Tabernak erakutsi didan gauza inportanteenetako bat egindakoari bihotza eskaintzea da.

Musikatik ere ez zabiltza aparte…

15 bat urterekin hasi nintzen gitarra jotzen, neure kabuz. Solfeorik eta partiturak irakurtzen jakin gabe, baina gogo eta ilusioz gainezka. Ordutik, ez dut ikasteari utzi.

Atekabeltzeko parte ere bazara.

Egindakoari bihotza jartzearen erakusle garbia da. Auzolanean, autogestioan, ezeren truke lan egin duten zoro kuadrilla bat mundu politago bat eraikitzen... Pozez eta harrotasunez betetzen nau horrelako proiektu baten parte izateak. 

Topaketak izanen dituzue urrian. 

Ni ez nabil antolakuntzan, baina ziur nago bihotzez betetako egitarau bat ekarriko digutela. Muxu bat hemendik lanean zabiltzatenei eta eskerrik asko! Auzolana, maiatasuna eta autogestioa!

Gazteen eskuetan dago aldaketarako giltza?

Gazteak dira aldaketa. Denborak hegan egiteko gaitasuna kentzen digu eta gazteak dira mundua ulertzeko modu berriak ekarriko dituztenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun