'Artea' antzezlana ikusteko aukera izanen da Leitzan urriaren 13an

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 10a, 10:00

Aktore ezagunak igoko dira oholtzara.

Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Asier Hormaza aktoreak igoko dira oholtzara.

Txalo Produkzioak ekoiztetxeak Artea antzezlana eskainiko du urriaren 13an, igandea, Leitzako Herri Aretoan. Sarrerak dagoeneko online eros daitezke zazpi euroren truke edo egunean bertan, leihatilan zortzi eurotan.

Yasmina Reza da jatorrizko antzezlanaren egilea. 1998an estreinatu zuten, eta geroztik, 35 hizkuntzetara itzuli dute, tartean euskarara. Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza igoko dira oholtzara eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean ariko dira. 
Antzezlana, komedia bat da. Sergiok koadro moderno bat erosi du dirutza handia ordaindu ondoren. Marcosek gorroto du koadroa, gainera kosta egiten zaio sinistea Sergiori koadroa benetan gustatzen zaionik. Hirugarren laguna, Ibon, saiatzen da Marcos eta Sergioren arteko desadostasunean bitartekari izatea. Arte modernoari buruzko azaleko desadostasuna izanik, adiskidetasunari buruzko eztabaida latza bihurtzen da, Ibon erdi-erdian hartuta. Antzezlana aurrera joan ahala, koadroaren auzia erabat puztutzen da bapatean desagertzeko, haserrealdiaren benetako arrazoiak azaleratuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun