Katarrapikaka lehiaketarako izen ematea zabalik urriaren 15era arte

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 8a, 09:00

2022an egin zuten Katarrapikaka lehiaketaren azkeneko edizioa, DBHko ikasleekin.

Azaroaren 16an, 18:30ean eginen dute lehiaketa Goizuetako Herriko Etxeko ganbaran. 

Goizuetako Euskara Taldeak, Euskara Zerbitzuak eta Goizuetako Udalak herritarrei luzatu diete erronka: «herria ezagutzen baduzu eta ongi pasa nahi baduzu, parte hartu!». Goizuetari buruzko galderak, ariketak, probak… bilduko ditu beste behin ere Katarrapikaka lehiaketak.  Laugarren edizioa izanen da aurtengoa, 2017an eta 2018an helduentzako edizioa egin zuten eta 2022an Katarrapikaka-ttiki  DBHko ikasleekin. 

Beste edizioetan bezala, herriari buruzko galdera eta probak osatu beharko dituzte lehiakideek: Goizuetako historia, tradizioa, leku-izenak, euskalkia, hitzak, esamoldeak... Helburu dibulgatiboa du, batez ere, lehiaketak: herriaren jakintza eta herriari buruzko informazioa berreskuratu eta belaunaldi gazteei transmititzea. Baina izanen dute entretenimendurako tarterik ere, ongi pasatzeko ikuskizuna izanen baita.  Informazio gehiago nahi duenak Euskara Zerbitzura deitu (948510814) edo idatzi (laga@iparmank.eus) dezake. 

 

Izen ematea zabalik

Katarrapikakan parte hartu nahi duten herritarrek urriaren 15era arteko tartea izanen dute. Amaia kafetegian eta Zubi-dendan eman beharko dute izena hiruko taldeak osatuta. Irabazleek 300 euroko saria eskuratuko dute eta parte hartzaile guztiek izanen dituzte opariak.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun