Udara Caixabank pilota txapelketako finala jokatuko du Iturriaga leitzarrak urriaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2024ko urriaren 4a

Iera Agirre Iturriaga leitzarrak eta Naroa Agirrek, Natale Aranburu eta Maite Ruiz de Larramendi Mujikaren kontra ariko dira finalean. Ligaxkan Iturriaga-Agirre gailendu ziren.

Agirrerekin batera, Aranbururen eta Mujikaren kontra ariko dira larunbat arratsaldean Iruñeko Labriten

Ailegatu da Ados Pilota Elkarteak azken lehiaketari agur esateko unea, Labriten larunbatean jokatuko den Udara Caixabank txapelketaren final handiarekin. Iturriaga eta Agirre, Aranbururen eta Mujikaren kontra.

Udara Caixabank txapelketa izan da aurtengo uda garaiko berrikuntza esanguratsua. Izan ere, gizonezko profesionalek masterra jokatzen duten moduan aurten emakumezko profesionalentzat ere ate berria ireki dugu CaixaBanken babesletza lehen aldiz lortuz. Gainera gizonezkoen finala igandean jokatuko da Nafarroa Arenan eta emakumeena egun bat lehenago Labrit pilotalekuan. 

Gares, Azkoien, Lantaron, Mendigorria, Latasa, Etxarri, Agoitz, Leitza, Arantza, Kanpezu, Zeberio, Donostia eta Elgetatik pasa ondoren larunbat honetan Labriten jarriko zaio amaiera maila handian jokatu den txapelketari.

Iturriaga-Agirre eta Aranburu-Mujikaren arteko finala izango da. Iera Agirre Iturriaga leitzarrak eta Naroa Agirrek arrakalarik gabeko txapelketa egin dute orain arte, jokatutako bost partidak irabaziz. Atzelariaren sendotasuna eta aurrelariaren errematerako abileziak bat eginda bikote handia osatzen dutela berretsi dute. Pronostikoak kontra izan arren, Aranburu-Mujika bikoteak ere txapelketa bikaina egin du eta merezimendu osoz lortu du final handirako sailkatzea. Maite Ruiz de Larramendi Mujika kantxan dagoenean bera garaitzea beti izaten da zaila eta Natale Aranburuk gaztetasunak eta lehen finala izateak eragindako urduritasuna kontrolatzea lortzen badu, aurkariek gogotik egin beharko dute lan txapela irabazteko. 

Beraz, final zirraragarria aurretik udari amaiera emateko. Honez gain, 17:00etan nahi duen orok pilotari profesionalekin jokatzeko aukera izango du Labriten bertan eta haurren partiduak ere jokatuko dia 19:00ak bitarte. Sarrerak leihatilan egunean bertan eta partidua zuzenean gure Youtubeko kanalean ikusgai. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun