Txistu doinuekin emanen diete hasiera Aurrera Egunari. 09:00etan txistularien diana hasiko da. Ordu berean, BTT taldekoek irteera eginen dute Guratz aldera. Hamalau urtetik gorakoek parte hartu dezakete eta kaskoa eramatea derrigorrezkoa izanen da. 10:00etan Aurrera futbol eta eskubaloi taldeko jokalari gazteen partiduak antolatu dituzte herriko plazan. Horien atzetik, 11:30ean, Aurrera Pilota Eskolako pilotarien txanda izanen da. Segidan, zapatila eta galtza zuriak erantzi eta espartzinak jantziko dituzte. 12:30ean Aurrerako dantzarien emanaldiaz gozatzeko aukera izanen dute plazara hurbiltzen direnek. Bazkalaurrea girotzeko, kalejiran aterako da Incansables txaranga. 14:30ean bazkaria izanen dute karrapean. Honetaz gain, 11:00etatik 13:00etara, Aurrerako atarian rokodromoa eta haur eta gazteentzako ginkana antolatu dituzte, norberak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu horretarako.
Bazkalondoan, bazkideek Ingurutxoa dantzatuko dute, eta ondoren kalejira eginen dute, berriz ere, Incansables txarangarekin eta Leitzako erraldoi eta buruhaundiekin. 21:30ean luntxa izanen da elkartean bazkideentzat eta bazkaldarrentzat. Pestak segida izanen du Bull DJaren eskutik.