Eskualdeko Baztanzopak, Manteleko Sobrak, Mutilatuak eta Hor Gu! taldeak sailkatu dira Bardoen finalaurrekoetara

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 1a, 13:30

Pasa den astean jokatu zituzten Bardoak  Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketako lehen faseko azken saioak. Bukatu da lehen fasea, eta dagoeneko jakinarazi dute zein sei talde sailkatu diren bigarren fasera, horietan artean daude eskualdeko lau: Baztango Baztanzopak, Leitza, Altsasu eta Barañaingo Manteleko Sobrak, Bortzirietako eta Baztango Mutilatuak, eta Bortzirietako Hor Gu!.

Asteazkenean, Iruñeko Laban, Mutilatuak eta  EzKrashak taldea aritu ziren nor baino nor eta eskualdekoek lortu zuten garaipena eta finalaurrekoetarako txartela.

Ortziralean, Leitzan, Manteleko Sobrak eta Drimtim aritu ziren lehian eta etxeko taldea nagusitu zen. Leitzako Eki Mateorena eta Kattalin Lizarraga bertsolariak aritu ziren kantari Manteleko Sobrak taldean, Ekai Alegre altsasuarrarekin batera. Gai jartzaile lanetan, aldiz, Miel Mari Elosegi Luze aritu zen. 80 lagun inguru bildu ziren Atekabeltz gaztetxean eta giro ederrean jokatu zuten saioa. Manteleko Sobrak taldeak ere bigarren fasera sailkatzea lortu du.

Egun berean jokatu zuten Erronkarin Baztanzopak eta Errimaren Matxinatuak taldeen arteko lehia eta baztandarrak nagusitu ziren. Atarrabian, aldiz, Argako Bixiguak eta Malerreka ez da Baztan taldeen arteko saioa egin zuten. Argako Bixiguak taldeak irabazi zuen saioa, baina berdinketa izan zen hurrengo faserako sailkapenean. Desenpaterako irizpideak aztertuta, Argako Bixiguak taldeak lortu du hurrengo faserako sailkapena, eta beraz, Malerrekako taldea lehiatik kanpo gelditu da.

Eskualdeko taldeen azken saioa, aldiz, Erratzuko Elkartean jokatu zuten larunbatean. Baztango Baztanzopak eta Bortzirietako Hor Gu! taldeak aritu ziren. Azkenerako, Baztanzopak irabazi zuen saioa eta beraz, zuzenean lortu zuen finalaurrekoetarako txartela. Hor Gu! taldeak ere hurrengo faserako txartela lortu du, A, B, C eta D multzoetako bigarren sailkatu onena izan baita.

Finalaurrekoak hurrengo bi asteburuetan

Urriko lehen bi asteburuetan jokatuko dituzte finalaurrekoak. Hiru kanporaketa izanen dira finalaurrekoetan, joan-itzuliko formatuan.

Ortziralean,  urriaren 4an,  Irurtzunen Argako Bixiguak eta Mutilatuak ariko dira; Iruñean Hor Gu! eta EzKrashak eta Tafallan Manteleko Sobrak eta Baztanzopak. Itzulerako saioak, aldiz, urriaren 12an jokatuko dituzte. Etxaurin Argako Bixiguak eta Mutilauak ariko dira, Irunberrin Manteleko Sobrak eta Baztanzopak eta Tuteran Hor Gu! eta Ezkrashak.

Finala, aldiz, Garesen jokatuko dute urriaren 26an eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea ariko da kantuan, hiru talde, beraz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun