Mendialdeko Azoka Ibiltaria eginen dute urriaren 13an Areson

Ttipi-Ttapa 2024ko urriaren 9a

23 postu jarriko dituzte Mendialdeko Azoka Ibiltarian.

Urriaren 13an, igandean, egingo du geldialdia Areson Mendialdeko Azoka Ibiltariak. Azken urteetan bezalaxe, Mendialdeko nekazari, ekoizle eta artisauek beraien postuak jarriko dituzte herriko plazan. Hitzordua borobiltzeko, erakusketa berezi bat ere antolatu nahi izan dute. Aresoko baserriak gaitzat hartu eta argazki zaharrak, lanabesak, tresnak... jarri nahi dituzte ikusgai. 

Azoka 11:00etan hasiko da eta 14:30ean bukatu. Mendialdeko baserritar eta artisauek egindako produktuak bultzatu, ikusarazi eta saltzea da azoka ibiltariaren helburuetako bat. Eskaintza zabala izango da Areson bilduko dutena, denera 23 postu jarriko baitituzte. Horietako 11 elikagai ekoizleenak izango dira: txekor eta betizu haragia, hestebeteak, taloak, gazta, txokolatea, arrautzak, sagar zukua, opilak, ogia, pastak, patea, olio ekologikoa... erosteko aukera izanen da. Artisauen postuetan, berriz: larru-lanak, osagarriak, bitxiak, kandelak, kosmetika naturala, zapatak, egurrezko tailak, zeramika... izanen dira aukeran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun